INFO

Grazi Etxebehere kontrol judizialpean aske, eta Reta eta Goienetxea espetxera

Ortzaizeko polizia operazioan atxilotutako Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea instrukzio epailearen aurretik pasa ondoren espetxeratuak izan dira. Grazi Etxebehere berriz, kontrol judizialpean aske uztea ebatzi dute, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri bezala.

Agerraldi jendetsua egin dute gaur Ortzaizen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea kartzelaratzea ebatzi du «askatasunen epaileak» instrukzio epailearen aurretik igaro ondoren. Flaury eta Fresnes-eko espetxetara bidali dituzte. Instrukzio epaileak Reta eta Goienetxea espetxeratzea eskatu zuen. Baita ere Grazi Etxebehere, baina «askatasun epaileak» kontrol judizialpean aske uztea erabaki du.

Beste bi atxilotuak, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri, aske utzi dituzte, kontrol judizialpean. Igande goizean dute Euskal Herrira itzultzeko asmoa.

Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea asteartean atxilotu zituzte, ETAko kide izatea egotzita. Haiek atzeman zituzten etxearen jabeak, Mateo eta Lekunberri, ordu batzuk geroago hartu zituzten atxilo.

Ostegun goizean Grazi Etxebehere atzeman zuen Polizia frantsesak.

Larunbat honetan agerraldi jendetsua izan da Ortzaizen. Operazioa gogor salatzeaz gain, uztailaren 18rako manifestazio bat deitu dute konponbidearen alde. «Errepresiorik ez, konponbidea orain» lelopean, Donibane Garazin egingo da mobilizazioa.