INFO

Donostiako alderdi guztiak, eraso sexisten aurka bat eginik

Donostiako Udalean ordezkaritza daukaten alderdi guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta Irabazi) babesa adierazi diote Aste Nagusiari begira eraso sexisten aurka kaleratu den kanpainari.

Gizon zein emakumeei zuzendutako eskuorriak banatuko dituzte eraso sexisten aurkako kanpainaren baitan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Udaletxeko atarian, Eneko Goia alkateak, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak eta Udalean ordezkatuta dauden talde guztietako ordezkariek agerraldia egin dute ‘Ezetz da ezetz’ kanpainaren berri emateko.

«Alkate gisa», herritarrei dei egin die Goiak, halako jarrerak bazter ditzaten. «Gizon gisa» ere egin du deialdia, eraso sexistak ekiditeko jarrera aktiboa hartzeko gonbitea eginez.

Oraindik ere mota honetako kanpainak aurkeztu behar izateak erakusten du, Goiak esan duenez, «urruti gaudela gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunetik».

Duñike Agirrezabalagak aipatu du albistegietan sarri jasotzen dugula eraso sexisten berri, eta nabarmendu du beste kasu asko ezkutuan gelditzen direla, salatzen ez direlako.

Ildo horretan, azpimarratu du erakundeek jarrera eredugarria eta irmoa erakusteko beharra dutela.

Kanpaina honen baitan, gizon zein emakumeei zuzendutako eskuorriak aterako dituzte, eraso sexistei aurre egiteko gomendioak biltzen dituztenak eta haien aurkako jarrerak sustatzen dituztenak.

Horrez gain, uztailean emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroak eman zirela azaldu dute.

Ostalariek pegatinak banatuko dituzte eta, eraso sexisten aurrean erantzuteko protokoloaz gain, Aste Nagusian informazio puntu bat ezarriko da. Sare sozialetan ere izango du isla kanpainak.