INFO

Emakundek Leire Rodriguezen hilketa gaitzetsi eta deitutako elkarretaratzearekin bat egiten du

Lakuako Emakumeen Euskal Erakundeak Leire Rodriguezen hilketa gaitzetsi eta ostegun honetarako Abusun deitu den elkarretaratzearekin bat egin du. Emakundeko presidente Izaskun Landaida bertaratuko da.


Emakundek Leire Rodriguezen hilketa gaitzesi du, eta ostegun honetarako Arrigorriagako Udalak Abusuko zentro soziokulturalean deituriko elkarretaratzearekin bat egin du, ohar batean azaldu duenez. Erakundeko presidente Izaskun Landaida bertaratuko da elkarretaratzera.

Oharrean Emakundek adierazi du emakumeen aurkako indarkeria «gure gizarteko gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen ezaugarri bortitzena» dela, eta berdintasunaren alde lan egiteak «indarkeria mota hau saihesteko biderik eraginkorrena» dela gaineratu du.

Erakundeak gogorarazi du gizarteak duela indarkeriaren aurka egiteko erantzukizuna, eta herritarrei eskatu die «indarkeria mota hau» gaitzestea.