INFO

Leire Rodriguezen hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Abusun

Herritar ugari, ordezkari politiko eta bestelako eragileetako kideek bat egin dute Abusun, Leire Rodriguezen hilketa jazo zen lekutik hurbil, gertatutakoa gogor gaitzetsi eta indarkeria matxistaren aurka aldarri egiteko.

Abusun egin dute Leire Rodriguezen hilketa salatzeko elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Iragan abuztuaren 8an auto batek Leire Rodriguez harrapatu eta hil egin zuen lekutik hurbil elkarretaratzea egin dute gaur, indarkeria matxistari gaitzespena adierazteko.

Ustez autoa gidatzen zuen Rodriguezen senar ohiak ospitalean jarraitzen du, larri, bere buruaz beste egiten saiatu ondoren. Bestalde, gertakariarekin lotura zuelakoan atzo Bilbon atxilotu zuten gizonezkoak poliziaren esku jarraitzen du, epailearen aurretik noiz pasako zain.

Elkarretaratzean, besteak beste, Bilbo eta Arrigorriagako alkate diren Juan Mari Aburto eta Asier Albizua, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Julia Hernandez jarduneko Arartekoa edota Bizkaiko Aldundiko ordezkariak izan dira.

Ostiral honetarako, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizen elkarretaratzeak deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak.

Beltran de Heredia eta Calparsororen adierazpenak

Elkarrateratzean Beltran de Herediak adierazi du Leire Rodriguezen heriotza, orain arte egindako ikerketen arabera, «genero indarkeriaren ondorioz» izan dela dirudiela. Atxilotuta dagoen pertsonak gaur deklaratuko duela gaineratu du, eta ezin duela hipotesirik baieztatu azaldu du, «ikerketa lerro asko irekita» daudelako.

Bestalde, Calparsorok azpimarratu du Rodriguezen hilketaren ikerketa «bururaino» iritsi behar dela, nahiz eta kasu hauek «zailak izan eta denbora behar izaten duten», «genero indarkeria kasuak ikertzea lehentasuna dela» gaineratzearekin batera.

Barakaldo

Bestalde, Barakaldon ere kontzentrazioa egin dute indarkeria sexistaren aurka, atzo adingabe bat atxilotu baitzuten neska adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita.

Bertan, Amaia del Campo alkateak jakinarazi du irailetik aurrera Barakaldon dauden «puntu beltzak» identifikatu eta ezabatzeko lantaldea abian jarriko duela. Arlo honekin lotura duten eragile guztiekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du alkateak.