INFO

Kolonbiako Gobernuaren eta FARCEn «heldutasun eta ardura» nabarmendu ditu Sortuk

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC talde armatuaren arteko akordio historikoa txalotu du Sortuk eta bi aldeek erakutsi duten «heldutasun eta ardura» nabarmendu du. Justizia trantsizionalaren aplikazioaz «garaitu eta garailerik gabeko bakearen eraikuntzan» aurrera egin daitekeela erakutsi du indar abertzalearen ustez.


Sorturen iritziz, Juan Manuel Santosen Gobernuak eta FARCek lortutako akordioa Kolonbiako gatazkaren konponbiderako «aurrerapauso nabarmena» da eta horregatik «bakearen eraikuntzan justiziaren aplikazioaren moduko gai korapilatsuan aldeek erakutsiriko heldutasun eta ardura» goraipatu ditu.

Indar abertzaleak adierazi duenez, akordioak erakusten du «testuinguruari loturiko justizia trantsizionalaren aplikazioaz garaitu eta garailerik gabeko bakearen eraikuntzan» aurrera egin daitekeela.

PPren Gobernuaren eta Kolonbiakoaren jarrerak alderatu ditu eta «zerikusi gutxi» dutela nabarmendu du, «bakearen aldeko apustua egitetik urriti, gatazka egoera betikotzearen aldeko politika garatzen» baitu PPk.

Horretaz gain, EAJk eta Lakuako Gobernuak «PPrekin lerrokatzeko Aieteko bidea utzi izana» larritzat jo du Sortuk. «Diskurtsoa partekatzera iristi dira PP eta EAJ», salatu du.

Sortuk bere oharrean dioenez, Kolonbiak euskal herritarrei «irakaspen bat utzi digu: era kreatiboan eta biktima guztiekiko errespetuz garatzen den justizia trantsizionala bakearen eraikuntzarako tresna egokia dela».