Jon Garaño: «Hautagaitza gurea da, baina baita euskarazko zinemagintzarena ere»
«Laino batean nago». Halaxe azaldu du Jon Garañok Joxe Mari Goenagarekin batera zuzendu zuen ‘Loreak’ Oscar sarietarako ordezkari izateak sorrarazi diona. Euskarazko film bat Los Angelesen egotea «harrigarritzat» jo du Garañok eta pozik agertu da, bere iritziz hautagaitzak euskal zinemaren osasun ona agertarazten baitu.
«Loteriako txartel bat erosten duzunean bezala izan da; badakizu ziurrenik ez zaizula tokatuko, baina jokatu egiten duzu eta beti izaten duzu esperantza txiki bat. Hala ere, goiza aurrera zihoan heinean esperantza zirrikitu horiek txikitzen joan dira eta uste dut horregatik jaso dugula halako sorpresa, sinestezina da ‘Loreak’ honaino iritsi izana», azaldu die GARA eta NAIZi Garañok Zine Akademia espainolak Joxe Mari Goenagarekin batera zuzendu zuen filma Oscar sarietarako hautatu duela jakin eta gutxira.
Oscar sarietarako Estatuko ordezkari izatea «inondik inora» ez zutela espero baieztatu du eta erabakiaren berri Moriarti ekoiztetxean izan dutela azaldu du: «Bagenekien gaur zirela erabakia ematekoak eta Periscope aplikazioaren bidez jarraitu behar genuen ekitaldia baina, halakoetan gertatzen den bezala, azken unean huts egin digu... Urduritzen hasi gara orduan, eta mezu bat jaso dugu, ‘Loreak’ soilik esaten zuena. Aipamen egin diotela uste genuen, baina ez: hautatua izan da! Ero moduan jarri gara, elkar besarkatzen, ikargarria izan da», ziurtatu du.
Euskaraz filmatua izana kalterako zein mesederako, bietarako izan zitekeela bazekitela gaineratu du Garañok eta, emaitza ikusita, izatekotan hautagaitzari on egin diola uste du: «Askorentzat arraroa izango da euskaraz filmatua egotea, beste batzuentzat bitxia izango da... Baina, nire iritziz, horren gainetik filma bera bozkatu dute, horri eman diote garrantzia».
‘Loreak’ Oscar sarietan egoteko, hala ere, oraindik Zine Akademia estatubatuarrak hautatu behar du eta hori «dezente zailagoa» dela uste du Garañok. «60-70 herrialdetatik film bana joango da eta horien artetik hautatu behar dute... ez da erraza izango, baina, hona iritsi gara eta hori ere ez genuen uste. Orduan, zergatik ez?», aipatu du, baikor. Dena den, iristen ez bada ere dagoeneko saritu sentitzen direla azaldu du eta eurek zuzendutako filma saritzeaz batera hautagaitzak euskarazko zinemagintza ere saritzen duela gaineratu du: «Honek balioko du ‘Loreak’ jende gehiagok ikusteko eta nazioarteko merkatuan atentzioa erakartzeko. Gainera, guretzat saria da baina baita euskal zinemagintzarentzat ere, eta bereziki euskarazko zinemagintzarentzat, gauzak ondo egiten ari garenaren seinale baita», ziurtatu du.