INFO

Kortxoenea gaztetxea hustu eta eraisten hasi dira

Kortxoeneak berak sare sozialen bidez ohartarazi duenez, hainbat pertsona aurpegia estalita gerturatu dira gaur goizez gaztetxera eta barruan zegoen jendea atera dute, ondoren eraikina eraisteari ekiteko. Huste «ilegal eta bortitza» izan dela salatu dute. Eraisketa salatzeko errepidea moztu dute 150 lagun inguruk eta haien aurka gogor oldartu da Ertzaintza, gutxienez bi lagun atxilotuz.

Makinak Kortxoenea eraisten. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Kortxoenea gaztetxea hustu eta eraisten hasi dira gaur. Goizeko lehen orduan jakinarazi du gaztetxeak berak sare sozialen bitartez eta, salatu dutenez, «huste ilegal eta bortitza» izan da. Honen aurrean, gerturatzeko deia egin dute eta berehala ehunka lagun joan dira babesa adieraztera.

Kortxoeneatik adierazi dutenez, 07:15ak aldera, hainbat pertsona aurpegia estalita eta «modu bortitzean» sartu dira Kortxoenean, barruan zegoen jendea ateraz. «Oso azkarra izan da. Makinak entzun ditugu eta ostikoka atera gaituzte». Ondoren, eraikina eraisten hasi dira makina hondeatzaileekin.

Gaztetxeko asanbladako kide batek Info7 irratian adierazi duenez, «kolpez eta ostikoz» sartu dira 50 bat pertsona. Hiru pertsona teilatura igo dira, une batez eraistea etetea lortuz eta orduan iritsi da Ertzaintza. Bertan egon dira 09:00ak arte; ordu horretan ertzainek jaitsi egin dituzte eta eraikina eraisten jarraitu dute langileek.

Bertaratzeko deia egin dute, hurrengo orduetarako «dinamika desberdinak» antolatu asmoz eta laster joan dira 150 pertsona inguru. «Bakarrik ez, lagunekin bai», leloak indarra hartu du. 

Atxilotuak eta zaurituak

Era berean, Eneko Goia eta Donostiako Udala egin dituzte erantzule gaztetxetik: «2016ko kultur hiriburuko atarian gaudenean, Donostiako kultur gune izan den hau eraisteak koste bat ekarriko dio Udalari».

Goizeko 11.00ak pasata, 150 lagun inguruk errepidea moztu dute Ategorrieta etorbidean. Ertzaintza berehala joan da eta errepidean eserita zeudenak sakabanatu ditu, haien aurka gogor oldartuz. Bi lagun atxilotu dituzte eta zaurituak ere izan dira. Hainbat pertsona identifikatu dituzte.

Iragan irailaren 4ean ere saiatu ziren gaztetxea eraisten, baina orduan bertan behera utzi zuen Donostiako Udalak