INFO

Ikasleak protagonista, etorkizuna amesten duen Azokan

Goizean ireki ditu ateak Durangoko Azokak. Urteurren borobila betetzen du aurten, 50.a, eta ongi ospatzeko, bost egun izanen ditu, ohi baino bat gehiago. Lehendabiziko bisitariak haur eta gaztetxoak izan dira. Milaka etorri dira, Euskal Herri osoko ikastetxeetatik.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


50. Durangoko Azoka abian da jada. Azken urteetan bezala, ikasleen burrunbaz hasi da eta arratsaldean, gazteek alde egin dutenean, patxadan gelditu da tarte batez. Orduan erosketak lasai egiteko aprobetxatu du jendeak. Iluntzean, berriro bete dira Landakoko kaleak, baita Durangokoak ere, kultura, sorkuntza eta besta uztartuz.

Ikasleak galderak egiten ibili dira postuz postu. Elene Hernandez 12 urteko neskatoak, Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxekoak, kontatu digunez, adibidez musikari buruz galdetu dute: kontzertuak non diren, ze musikari etorriko diren... Azokaren historiari buruz ere jakin nahi izan dute. Gaiak eskolan landu dituzte eta gaur jasotako informazioarekin proiektu bat ekoiztuko dute, bideo bat edo aurkezpen bat, Elodie, Uribarri eta Ana irakasleek aipatu digutenez.

"Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia" haur eta gaztetxoei zuzenduta dago bereziki, baina familia osoarentzat ere bada. Gaur aurkeztu dute Durangon gure historia gure ikuspuntutik azaltzen duen lana, era atsegin eta errazean. Ezagutza liburua, sei ipuin liburu (eta bertze hiru labean), mahai jokoa eta dena barnebiltzen duen Interneteko ataria, hori guztia da "Lur eta Amets". Eta gehiago ere izan nahi du, Ikastolen Elkartearen, Elkarren eta katxiporretaren proiektua irekia baita. Bertzeak bertze, filma eta marrazki bizidun saila egin nahiko lukete. Amets gehiago ere badituzte buruan eta gonbidapena luzatu diote nahi duen orori, elkarlanean gauzatzeko. «Iragana jaso dugu, oraina egiten ari gara eta etorkizuna amesten dugu», laburbildu du aurkezpen lanak egin dituen Anabel Arraiza aktore, kazetari eta pailazoak.

Arratsaldean, mosaiko ederra osatu dute Azokaren ondoan Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek, "Dagigun!" Ibilaldia 2016ren leloarekin. Jendetza bildu da ikustera, tartean hankapalo ikusgarriak. Bitartean, barrenean, Ahotseneko sutondoan, Gorka Urbizuk bere esperientziak partekatu ditu gazteekin eta aitortu du egiten dituen bidaietan, hamar egun musika jotzen topera eman ondotik, egun bat libre izatean sentsazio arraroarekin gelditzen dela batzuetan, zer egin jakinen ez balu bezala, munduko hiriren batean.