INFO

‘Biribilgunean’, Fermin Etxegoien


Gizarte hiper-kapitalistak hiper-simulakroa ekarri zuen gure bizitzara, eta ez noa zehaztera zertan bai eta zertan ez, baina laster gezurraren biharamunean-edo egon gintezke, eta ez dago garbi hemendik aurrera zer gertatuko den gure kulturarekin, hots, gure hizkuntzarekin.

Simulakroaren aroan, Durangoko Azokako gezur posiblea erdal kultur-simulakroek eragindakoak bezain handi ala txiki –zein beharrezko ala ez– izan ote den, halakorik ere ez noa, momentuz, zehaztera, baina gurean hizkuntza bera –euskara– simulakroaren ardatzean izan denez, meta-simulakro edo erdi-gezur doble honek –erdi gezurrezko kultur ekimen masiboa erdi gezurreko hizkuntza batean– zera ahalbidetu du urteotan: munduan parekorik ez duen esperientzia mistiko bezain kontsumista bat, horra hiper-kapitalismo triunfantearen aroan Durangoko Azoka defini lezakeen kontzeptu hibridoa: mistikontsumismoa.

Hobe ibiliko ginen halakorik gabe?

Seguruenik ez. Durangokorik gabe, erdarazko masa-kultur kontsumoak are bortitzago zapalduko gintuelako. Denok nahi genuke euskarazko produktuak urtean zehar konpetitibo izatea, baina euskararen sozializazioa oraindik oso gorabeheratsua da eta ondorioz gure sorkuntza maiz galtzen da ezin asmatuzko bideetan. Ezin ailegaturik, behar baino askoz diglosikoago eta atomizatuago ageri diren hartzaileenganaino. Durangoko Azoka genuke, orduan, kale kantoi itsuetatik biribilgune argitsu batera garamatzan kultur-simulakro ia posible bakarra.

Simulakro hutsean ibiliz gero, errotondan bueltaka besterik gabe genbiltzake, argi eta kamera hipnotizatzaileak biribilgunera begira baitaude. Baina ezagun da bueltaka aritzeak indar zentripetoa eragiten duela, pilaketak eta guzti sortzeraino.

Durango: lauzpabost egunez, indar zentripetu askoren metaketa.

Argiak eta kamerak itzaltzean, ordea, zentrihesa hasten da. Baina tira; feria bat dugu Durangokoa, ganaduenak legez, eta denok apaintzen gara feria egun horietarako, herrira jaitsi aurreko baserritarren antzera, eta noski, nahi izaten dugu bertan jendetza eta mamboa egotea, gehiegikeria bera baitugu, kontzeptu gisa, ganorazko feria batean ezinbestekoa, dela Durango dela Santa Luzia dela Basilea, diru-apustuak ere onartzen direla, ezta?

Ondorioz, sekulako biharamuna ekartzen digu Durangok, bestondo gaitza. Arrakastatsua den bakoitzean, gainera, oso albiste eskasa Durangoko Azoka desagertzea –alegia: haren beharrik ez izatea– amesten dutenentzat.

Baina oso ondo pasatzen dugu bertan. Sosak gastatzeak askori berez dakarkion plazera Durango magnifikatu egiten delako, infinituraino, baita haratago ere, hasieran aipaturiko mistikontsumismo jai giro erabat gurean.

Espezialistak baikara martxa eta borroka horietan.

Egongo da aurten Shakespeare-ren Sonetoak etxera eramango dituenik, ikusiko. Agian txikiteoan.

“Zeru horren infernuak”, horratx Juan Gartziak itzuli dituen sonetoen azpi-titulu adierazgarria.

Durango hain da zentrala, non eta Durangotik kanpo zerbait argitaratzen duenak oharpena egin ohi baitu: Durangotik kanpo aterako dut.

Durangora begira horrenbeste liburu eta disko aurkezten direnez gero, egile batzuek urtarrila edo otsaila nahiago, komunikabideak libreago ibiltzen direlako urte hasieran. Off-Durango tartea aukera hobea delakoan, ikusten denez Durangok berak sortua.

Sortzaileentzat Durango beti da, aldez ala moldez, erresonantzia kutxa burrunbatsua. Momentuz, eredu bonbastiko honi ez zaio alternatiba handirik ikusten. Ordainduzko kultur kontsumoaren gainbehera orokorra da, baina gurean oztopoak handiagoak dira, hizkuntza minorizatu batean aritzen garenez gero. Gauzak horrela, simulakroari eusteko prest ez denik ez dut ia ezagutzen bisnes honetan gabiltzanon artean.