Euskal kultura da elitista, nerbio faltakoa, merituzkoa... eta izango da...
Gogoeten Plaza Durangoko Azokan. Etorkizunaz, gaur. Euskal kulturaren irisgarritasuna, ikusgarritasuna, plaza izateaz eta ez izateaz, Fermin Etxegoien, Eider Rodriguez eta Koldo Almandoz. Musika, literatura eta zinema. Hizkuntzaren pisuaz eta, batez ere, sortzen duen gatazkaz eta gain jartzen dituen galbaheez, ordaindu beharreko bidesariez. Sorkuntza elitista eta jasoa, eta kontsumitzaileek jasotzen dutena, iristen zaiena. Ideiak, gogoetak, asmoak...
Euskal kulturaren ikusgarritasunaz hitz egiteko beste hainbat azterketa egitea ez dago sobera. Euskal kultura, sorkuntza eta hizkuntza bera non kokatu eta zein egoeratan dagoen zehazteak abantaila ekarriko lioke egun kontsumitu eta bizi den kulturari. Etorkizunari begira jartzea ez da inolaz ariketa erraza inoren begietara –edo pentsamenduetara–. Asmatuko al luke inork ehuneko ehuneko ziurtasunaz euskal sorkuntzaren ikusgarritasunak nora eramango ote duen kultura bera?
Ahalegina behintzat egin zuten atzo Fermin Etxegoien, Eider Rodriguez eta Koldo Almandozek. Hiru bisaia ikusgarri euskal kulturaren munduan, bai musikagintzan, bai literaturan, bai zinemagintzan. Hamaika lanen egile dira hirurak, bakoitza bere eremuan, baina iritzi desberdinak dituzte sorkuntzak hiritarren aurrean duten ikusgarritasunaz. «Zer esan... Hartzen duzun ikuspegiaren arabera. Ekitaldi honek badu ikusgarritasuna. Berriki estreinatu da ‘Amama’ filma, izan du ikusgarritasuna euskal hedabideetan. Aurreko astean ere aurkeztu nuen liburu bat gazte literaturakoa, bost egunkari etorri ziren, telebista eta irratiak. Ikuspegia hori baldin bada, egiten ditugun gauzak plazaratzen ote diren, ba al duten tokia hedabideetan, nik ez nuke ezetz esango. Hiru hilabete barru liburu horrek eutsiko dio eskaparatean egoteari? Badakigu ezetz», horixe Fermin Etxegoienen sarrera.
Baina puntualizazioekin, ez baita gauza bera ikusgarritasuna eta irisgarritasuna. «Iristeaz ari bagara, hor ere, topo egiten dugu hizkuntz gatazkarekin. Gure hizkuntza zenbateraino ailegatzen den jendearengana ere. Hori da planteamendu oinarrizkoa eta betikoa ere bai. Gurpil zoro horretan nekez ailegatuko gara oso urrutira, ez badugu horretaz ere noizbait hausnarketa egiten», gaineratu zuen.
Bero joan zen atzoko eztabaida, hainbat gai jarri baitziren ezbaian, eta solasaldiak hondoraino eraman zituen hainbat gai. Hizkuntzarena da horietako bat, bere trataera, etiketak eta euskaraz sortzeagatik ordaindu beharreko bidesariak. Eider Rodriguez literaturaren ikuspuntutik aritu zen gehienbat. Bere iritziz, “Amama”-k izan duen ikusgarritasunak ez du zerikusirik literaturarekin, zinemak baduelako makineria propio bat bere ekoizpenak bultzatzeko. «Literaturan ez nuke esango ikusgarri garenik. Ze neurritaraino gara ikusgarri euskaldunon artean ere? Ez naiz pertsonalki nire buruaz ari, baina orokorrean euskal kultur produkzioa nahiko ezikusia dela iruditzen zait. Areago esango nuke, inbisibilitate horren aurrean, badagoela joera aritzeko ea ikusten gaituzten, eskuak mugitzen ditugu eta hainbat peaje ordainarazten dizkigu inbisible izate horrek. Ez dakit zenbateraino garen kontziente pagatu beharreko peaje horiez», nabarmendu zuen.
Ekoizpen osoa ikusgarri?
Rodriguezen esanetan, literatura oso lotuta dago hizkuntzari, «gatazkan dagoen instrumentu bati», beste alor batzuetan ez bezala. «Euskal izateak ‘ruralismo’ kutsua dakar. Bada pixka bat ‘National Geographic’ ikusten duzunean bezala euskal literatura. Baditu tasun batzuk lehenago ematen zaizkionak. Ez dakit euskal kultura zenbateraino den kontziente tasun horietaz ohartzeko», esan zuen.
Almandozek ikusgarritasun neurtu baten alde egin zuen. Hots, jakitun da zineman mugak gainditzea samurragoa izan daitekeela literaturan baino. “Amama”, “Loreak” eta “Aupa Etxebeste”, esaterako, «akontezimentu bat» izan ziren zinemagilearen irudiko, baina gakoa ez du hor jartzen, jendearen interesean ikusten du atzerako pausoa. Bere iritziz, Euskal Herrian euskal ekoizleen lanak ikusteko aukera badago, baina jendearen, ikusleen interes faltak atzeratzen du jarraipena. «Antolatzen dira emanaldiak, baina jendea ez da joaten. Hemendik kanpo lanak gehiago ikusten dira eta estimazio handiagoa izaten dute. Ekoizten den guztiak izan behar du bisibilitatea? horretara ohituta gaude», zehaztu zuen.
Hizkuntzak berak, euskarak berak, zama bat, edo akaso euskal kulturak berak bere buruari jartzen dion galbaheetako bat. «Desoreka batetik bestera gabiltza», Etxegoienen iritziz. «Ez ote garen pasatu ahozko hizkuntza bat izatetik ispiluaren beste aldean jartzera». Gipuzkoako zenbait bailaratan normalizazio zantzu batzuk ikus daitezkeela aipatu zuen, baina ezin Euskal Herri osora hedatu argazki berbera. Ezin konpara Oñati edo Bastida. Hartara, hizkuntzari «nerbio falta» egotzi zion. «Haur asko euskaraz idazteko gauza dira, baina nekez ikusiko ditugu hitz egiten. Desorekatik desorekara goaz. Harrigarria da zenbat idazten dugun, tuitak, foroak, sakelakoan… Eta badirudi ahozko hizkuntza etenda edo dagoela. Kultur sortzaileok gero eta gehiago gara, gure produktuak ederragoak dira… oso autokonplazientea iruditzen zait, ez nuke hori esango», nabarmendu zuen.
Euskaldun edo espainol gisa izateaz kanpora begira. Hari horri heldu zion Almandozek. «Askotan kanpora joaten naizenean zinema espainol bezala jartzen naute, besteetan euskal zinema bezala. Baina kontu horrekin nazkatuta nago. Nik zinema egiten dut. Batzuetan euskara erabiltzen dut, besteetan mutuak dira. Berdin zait hori. Nahi dudana da nazioartean presentzia izatea. Ez dut egiten aldarrikapenik. Herri honetan literaturak izan du kultur prestigiorik, zinemak ere lortzen du, baina badaude beste jarduera batzuk inori inporta ez zaizkionak. Kultura herri honetan, dira literatura, musika eta zinema».
Elitista?
Euskal kultura elitista al da? Jasoegia al da erabiltzen duen hizkuntza edo izan ditzakeen pretentsioak? Rodriguezen iritzia: «Oso elitistak gara euskaldunok geure buruarekin, eta ia filologo izan beharra dago euskaraz zerbait txukuna egiteko, eta ondokoarena epaitzen dugunean ere filologoaren begiradarekin egiten dugu. Hori hondamendia da».
Ildo horretan, Koldo Almandozek Euskadi Irratian egin zuen ibilbidea ekarri zuen gogora: «Irratian lan egiten nuenean sentsazioa zen komunikatzaile gutxi eta filologo asko zegoela; hizkuntza borobila, bertsolari kutsukoa, baina komunikatzean nerbio hori falta zitzaigula». Nolanahi ere, kultuzkoa izan, jasoa izan edo elitea bilatu, euskaraz edo erbesteko beste edozein hizkuntzatan, sortzaile bakoitzaren talentua izango da igaro beharreko lehenengo galbahea. Hots, sortzaileari dituen sortzeko gaitasun propioek zabalduko dizkio ateak edo itxiko dizkio bideak, jendearengana iritsi edo nazioarterako bidea egin nahi badu. «Nahiz eta guztiok nahi dugun kultuzko egileak izan, talentuak jartzen zaitu zure tokian eta denborak jartzen du nor bere lekuan, nortzuek balio duten, nortzuek ez. Euskaraz egiteagatik meritua merezi izan dugu, eta hori beharrezkoa izan da momentu batzuetan, baina behar dugu hori gainditu», gaineratu zuen.
Komunikabideek ere irismen horretan duten garrantziaz aritu ziren atzo hiru gonbidatuak, zer argitaratu, nork argitaratu, euskaraz ala gaztelaniaz izan. Tartean komunikabide asko, eta trataerei buruzko zalantzak ere bai. «Irratian irismena badago, telebistan askotan ez du funtzionatzen, bikoiztutako filmetan ez du funtzionatu. Euskara hizkuntza bera denez beti modu berean moldatu behar da? Ikusten da ezetz», ohartarazi zuen Etxegoienek.
Hedabideez gain, idazle, zinemagile edo musikari bakoitzak autopromozioan, autobonboan, autoirismenean lan egin behar al du? Almandozek ezezko borobila. «Amish bat naiz sare sozialetan –bota zuen–. Ekoiztu, sortu, komunikatu… denetatik egitea tokatzen zaigu. Gustatzen zaidana egitea atsegin dut. Beste guztia horren profesionalak direnek egin behar dute. Ezin dudana egin da Facebook bat ireki eta egin dudan filmarekin txapa ematen egon. Sortzaileei zama hori kentzen joan behar zaie. Azken urteetan egindako film arrakastatsuenak izan dira sortzaileek berek egin nahi zituzten filmak egiteko propio sortutako ekoiztetxeenak. Hori ere profesionalizatzen joango dela uste dut», defendatu zuen.
Internetek edo sare sozialen handitzeak, erabileran bertan ekarri duen aldaketa nabarmendu zuen, bestalde, Eider Rodriguezek. Ni-tasuna irabazi du sareko nabigazioak, bere aburuz. «Lehen begiratzen genituen lehenengo gauzak ziren prentsa edo gauza orokorrak eta orain ni-ra bilakatu da, sare sozialak. Begiratzen dugu sare sozial bat egunkari baten aurretik. Ze pertsona klase bilakatu naiz? Ez dut uste horrek gure alde egingo duenik», azpimarratu zuen.
Amaierarako, Fermin Etxegoienek argitaratu zuen liburuari erreferentzia eginez: «Eutsiko diogu?». Ikuskera apokaliptikoetatik urrun agertu zen Rodriguez. «Jendeak jarraituko du sortzen modu batera edo bestera. Gauzak gertatuko dira. Ez naiz bereziki apokaliptikoa gai horrekin». Etxegoienek ere bidea ikusten du aurretik. «Beti egongo da norbait euskaraz irakurri nahiko duena edo euskarazko kantu bat entzun nahiko duena. Ez daukat dudarik». Etorkizunaz, hitz batzuk.