Une nahasgarriak
Inork gutxik espero zuenean gertatu zen: Auzitegi Nazionalak, Juan del Olmo epaile instruktorearen aginduz, Durangoko Azoka ixtea erabaki zuen, Espainiako Konstituzioaren egunean bertan. Irratiak tantaka zekarren informazioa, datuak nahasiak ziren oraindik baina polizia andana zebilen ordurako Landako gune berrian, standak husten ari ziren kideen bizkarzain. Ibarretxe lehendakariak agerraldia egingo zuela zabaldu zen itxialdia salatzeko elkarretaratze espontaneoa osatzen zutenen artean:
–Zer esango du ba fraidekume horrek?
–Betikoa, erabaki judizialei errespetua zor zaiela baina honek ez diola elkarbizitzari inongo mesederik ekarriko, bla bla bla...
Ordu hartan Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroaren adierazpenak baino ez genituen ezagutzen: polizia operazioak irekita jarraitzen zuela eta momentuz ezin zela gauza handirik esan, ezpada «behin betiko kolpea» zela hura, «erakunde terroristaren atal kulturala errotik erauzia» izan zela eta «segurtasun indarren lana txalotzea» zegokiola «demokraziaren defendatzaile orori».
Bi urte ziren “Euskaldunon Egunkaria” indarrez zarratu zutela, zazpi bat bai “Egin” kioskoetatik egotzi zutenetik... “TMEO”-ren azal gogoangarri hura etorri zitzaidan akordura: “Garzón detiene al Athletic de Bilbao”. Aldizkari gasteiztarrari beste sarkasmo zerion Durangoko egoerari.
Une nahasgarriak izan zirela gogoratzen dut, ez baitzegoen batere garbi robocop beldurgarri haiek nor eramango zuten atxilo: idazleak zituzten jomugan? Musikari gizagaixoak? Gerediagako kupula? Zubia gogoz kontra liburuak saltzen ematera behartutako editoreen alabak? Mikrofonoan txoritxoa daramaten kazetariak? Standetik lurrera begira egoteagatik “hemen-nagonk-bai-baina-ez-gustura” adierazi nahi duten sortzaile alternatiboak? Poliziei sakreka oldartu zitzaien Lucio Urtubia? Diskoetxeetako arduradunak? Ala diskoetxeetako arduradunak atxilotzea txalotuko luketen gizabanakoak? Pailazoen bila al zetozen? Zenbat ziren baina? Egutegiak ere konfiskatu behar ote zituzten? «Palentinoan biltzen direnak apur bat ‘guretarrak’ dira sikiera, ala horiek ere barrura?» poliziaren zalantza. Une nahasgarriak, zinez.
Eta erosleak? Pasilloak mukuru betetzen zituen jende olde hura ez al zen susmagarria orobat? Izan ere, zein zen uniformedunek jasotako agindu zehatza? Errugabetasun presuntzio maila bera al du urtean liburu bakarra erosten duenak (“olentzerorako”) edo K. Izagirreren hurrengo lanaren zain Saizarbitoriaren azken eleberriak irentsi dituenak? Inplikazio maila bera al dauka euskal musikaren urteko uzta galtzarbean daraman melomanoak edo euskaltegian zernahi kanta lantzeko hitzak Musikazblaitik (ergo oker) jaisten dituen irakasleak? Bestalde, hau mapa piloa, denak ere antikonstituzionalak, hor ez da dudarik... Baina, errezeta liburua erosi duen atsoa ere terrorista al da? Kontrazoka azoka al da? «Telesailetan errazagoa zirudin/k gure lanak!» pentsatuko zuen agenteak, buru-berokiak eragindako izerdiaren azkurak ernegatuta.
Enfin. Pasa zen hura ere eta kalean dira orduan ziegaratu zituztenak, kargurik gabe gehienak. Eztabaida bolo-bolo dabil orain, Twitterren. Denetarik dago ziberpulpituan (#berdurango da traola ofiziala): azoka berrirekitzearen aldekoak batetik, sakoneko aldaketen beharraz ari direnak bestetik, ia azalpenik eman gabe “beste zerbait” beharko genukeela diotenak eta kultur-merkantilismoaz Zizekek idatzitakoak bertxiotzen dabiltzanak ere bai, noski.
Diot nik Gerediagak ere izango duela zeresana...