INFO

Bizikidetza jomuga, Errenteriako herritarren memoria biltzen du ‘Oroimena Bizigune’ proiektuak

Errenteria eta Oarsoaldeko bederatzi gaztek ‘Oroimena Bizigune’ proiektua aurkeztu dute, non herritarren memoriaren bidez «elkartu, hausnartu, eztabaida-guneak sortu, bizikidetza erraztu eta ahalbidetuko duten mezuak eraikitzea» dute jomuga. 19.30ean Donostiako Antzoki Zaharrean ikusgai egonen da.


Errenteriako eta Oarsoaldeko bederatzi gaztek sortutako proiektua da ‘Oroimena Bizigune’, eta bertan hainbat herritarren memoria biltzen dute, Euskal Herriak bizi izan duen gatazkaren inguruan. Gaur aurkeztu dute, eta 19:00ean ikusgai egonen da Donostiako Antzoki Zaharrean.

«Proiektua eta bere izaera parte-hartzailea eta eraikitzailea testuinguruan ahalik eta egokien kokatzea da helburu. Elkartu, hausnartu nahiz eztabaida-guneak sortzeko hauspoa eskaintzea, bizikidetza erraztu eta ahalbidetuko duten mezuak eraikitzea», gehitu dute.

«Sentsibilizaziorako, gizarte-komunikaziorako eta oroimena eraikitzeko partaidetzazko dokumental proiektu bat da. Euskal gizarteak gatazkaren inguruan dituen iritziak eta testigantzak agertzea du helburu, horretarako sorkuntza narratibo eta ikus-entzunezko kontaketekin osaturiko partaidetzazko prozesu bat garatuz», azaldu dute.

«Herritarrek iragan hurbilaren oroimena eraiki eta bizigune bihur dezatela», dute jomuga. Adierazi dutenez, prozesu osoan zehar hiru kamerekin grabatu dira jarduerak, elkarrizketak eta hausnarketa pertsonalak eta 64 minutuko dokumental bat osatzeko. «Dokumentala ez da prozesuaren garapen zehatza eta sekuentziala, aitzitik, esperientzian gertatutakoaren arabera, interpretazio narratibo bat gauzatu da eta gazte parte-hartzaile eta protagonisten eta dokumentalaren zuzendariaren ikuspuntutik agertzen da prozesua».

Errenteriak bizikidetzaren bidean hainbat pauso eman ditu azken aldian. Eraikiz proiektuaz gain, herrian eman diren giza eskubideen urraketak biltzen dituen lan bat aurkeztu zuten azaroan, herriko alderdi guztiek onartuta.