Presoek igorritako gutunei ahotsa jarri diete bertsolariek Oiartzunen
Urtarrilaren 9ko manifestazioen atari izan zen atzo Oiartzunen ospatutako bertso saioa. Presoak gogoan izanik, egungo bertsolari onenak elkartu ziren egoera latzean daudenen azaletan jartzeko asmoz. Atzokoa presoen aldeko Etxeraten jaialdia antolatzen zen 25. aldia zenez, preso eta iheslariei gutun bidez parte hartzeko aukera eman zieten.
«Guk ezin dugu bertsoz ekarri iheslari, presoa, baina askatasun eramailea izan dadila bertsoa», bota zuen Jon Maiak Oiartzungo Elorsoro kiroldegian bildu ziren 1.600 pertsonen aurrean. Etxerat elkarteak urtero antolatu ohi du dispertsioaren kontrako elkartasun bertso saio hau eta beti bezain jendetsua izan zen atzokoa ere. Berezia izan zen, gainera, jaialdiaren 25. edizioa zelako. Zorigaiztoko urteurrena, jaialdia gehiago ospatu beharrik ez izatea nahiago lukete-eta antolatzaileek aspaldidanik.
Arratsaldeko bost eta erdietan zen hitzordua baina ordubete lehenago kiroldegiaren kanpoan ilara galanta zegoen jada. Eta jendeak gerturatzen jarraitzen zuen txoko guztietatik heldutako autobusetan. Barruan Etxerateko kideak zeuden, peto horiak jantzita azkenengo probak egiten. Izan ere, 25. urteurrena zela-eta sorpresatxo bat ere bazuten prest –gutunak sabaitik behera iritsiko ziren–. Normalean Etxerateko kideak izaten dira bertsolariekin harremanetan jarri eta ekimenean parte hartzeko eskatzen dietenak, baina aurten dispertsioa sufritzen dutenak izan dira gutunen bidez bertsolariekin harremanetan jarri direnak. Hala, protagonistek ahotsa ere izan zuten atzokoan, beste eztarri batzuen bidez izan bazen ere.
Behin kiroldegiko ateak zabalduta, jendea pixkanaka hasi zen sartzen. Agertokian, datorren larunbatean Bilbon eta Baionan gizartearen indarrarekin mugitu nahi den harria. Segituan, Kalakan taldearen “Sagarra jo” kantak egin zien harrera bertsolariei. Ostean, Ken Zazpiren “Hemen gaude” entzun zen, areto osoa zutik jartzen zen bitartean.
Argiz piztutako gutunak
Bertsolariek agurrei ekin zieten eta, halako batean, hiru argiz piztutako gutunak iritsi ziren taula gainera. Gai jartzaileak Jon Maia, Alaia Martin eta Julio Soto deitu zituen, eta haiek jaso zituzten Elias Miner, Ramon Sagarzazu eta Carlos Ibargurenen gutunak. Dispertsioa oso gertutik bizi izan dute hirurek eta bertsolariei euren egoeraren berri eman zieten. Amets Arzallus eta Onintza Enbeitari Maixol Iparragirre eta Nahikari Otaegiren azaletan jartzea tokatu zitzaien, biak ala biak, preso dauden amak. Kartzelako patioan zeudela seme-alaben gutunei buruz mintzatu ziren.
Presoen gaia alde batera uzteko aukera ere izan zuten tarteka, gutunik iristen ez zenean. Esaterako, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio urte luzeen ostean lurpetik ateratzen ari diren hildakoak izan ziren, memoria eta justizia eske. Iker Zubeldiak eta Andoni Egañak, ordea, ligatu nahi zuten biloba eta aitona umoretsu eta ironikoen plantak egin zituzten.