INFO

Etxerat eta Argentinako A Casa, elkarrekin Bilbon

Pixkanaka-pixkanaka Bilbora hurbiltzen doa jendea, arratsaldeko bostetan "Mugi ditzagun harriak" leloarekin eginen den manifestazioan parte hartzeko. Areatzan jarritako karpan, batukada, ogitarteko eta salmahai artean, Etxerateko senideak bildu dira. Ondoan dituzte A Casa Kolektibo argentinarreko bi ordezkari, Mirta Fabre psikologoa eta Susana Etchegoyen medikua.

Mediku argentinarrak Areatzan. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Jose Angel Aramendik eta Sonia Polok adierazpenak egin berri dizkigute kazetarioi. Etxerateko bi senideak gehiago kontatzeko gogoz gelditu dira, motz gelditu diren sentsazioarekin, hainbertze transmititu nahi dute...

Aramendik dispertsioak ze eragin duen azaldu du. «Dispertsioa izugarrizko zama da guretzat, ez distantziagatik eta kostuagatik bakarrik, baizik eta senidea hain urrun edukitzeagatik. Nire kasuan, Frantzian dago Alaitz Aramendi alaba, hemendik 1.100 kilometrotara, eta horrek zama osoa suposatzen du: bidaiak antolatzea eta horrek dakarren desgaste psikologiko guztia. Zure bizitza horren inguruan darabil», adierazi du.

Polok erantsi du 27 urteotan dispertsioaren politika ez dela murrizten joan; guztiz kontrakoa. «Gure senideak gero eta urrunago eta isolatuago daude», gaitzetsi du. «Gehienak Andaluzian, Valentzian eta Galizian daude, hau da, muturretan, eta horrek komunikazioa zailtzen du. Horrek dakar urtebeteko haurrak 2.200 kilometro egin behar izatea aitarekin edo amarekin ordu eta erdi edo berrogei minutu egoteko».

Argentinarren elkartasuna

Etxerateko senideek jendearengan dute itxaropena. Manifestazioaren leloak adierazten duen bezala, herritarrek indarrak mugiaraziko ditu harriak, hau da, gobernu espainol eta frantsesa. A Casa Kolektibotik datoz, Argentina urrunetik, lehenbiziko aldiz manifestaziora Mirta Fabre psikologoa eta Susana Etchegoyen medikua.

Jakinarazi dutenez, hagitz handia den euskal diaspora argentinarraren bihotzean sortutako kolektiboa da A Casa. Gero, euskaldunak ez zirenak ere batu ziren elkartasunera. «Batzuk diktadura argentinarretik bizirik ateratakoak gara, besteak oso gazteak. Denen artean erabaki genuen elkartasun sarea jostea preso euskaldunengana iristeko».

Preso eta senideei idazten hasi ziren. Hala ekin zioten 3 urte baino gehiagoko lanari. «Hirugarren aldiz etorri gara Euskal Herrira eta presoak bisitatzera joaten gara. Gaixoekin hasi ginen, gero haurrekin zeuden amekin eta 70 urte baino nagusiagoekin, kolektiboa handitzen joan eta momentu batean preso bakoitzak bere gutuna izateko asmoarekin».

Bide horretan bertze gauza batzuk egitea erabaki dute. Adibidez, salaketa bat aurkeztu zuten maiatzean Munduko Mediku Elkartean, «Auzitegi Nazionaleko medikuek torturetan duten konplizitateagatik». Elkarte hau erantzun bat exijitzen ari zaio Espainiar Estatuari, hala jasotzen da NBEren azken txostenean. «Orain profesionalen topaketa bat antolatu dugu torturaren kontra, aurkezpen bat izango da Espainiaren kontra euskal preso politikoen torturarengatik», agertu dute.