INFO

Olga Comes presoaren lagun batek auto istripua izan du Leongo kartzelara bidean

Etxeratek jakinarazi duenez, beste kotxe batek jo du atzetik Olga Comes presoaren lagunaren autoa eta errepidetik atera du; ospitalera eraman dute eta ondorioz bisita galdu du.


Dispertsio politikak aurten eragindako lehen istripua jazo da gaur goizaldean, Etxerat elkarteak salatu duenez.

Olga Comes euskal preso politikoaren lagun batek istripua izan du Mansillako (Leon) kartzelara bidean goizaldeko 5.20ak aldera. Azaldu dutenez, beste kotxe batek atzetik jo du. Istripua Nafarroa eta Errioxa arteko mugan gertatu da eta «sekulako behelainoa» zegoen ordu horietan.

Comesen lagunaren kotxea errepidetik atera da eta alde bateko mediana zein bestea kolpatu ditu.

Polizia eta suhiltzaileei deitu ondoren, Lizarrako ospitalera eraman dute. Bertan, kolpe eta zauri ezberdinak zituela ikusi dute. Aldi berean, kotxea Logroñora eraman du garabiak, baina 9.00etako bisita egiteko aukera galdu du, ordu erdi lehenago izatea derrigorrezkoa baita.

Dispertsioaren «errusiar erruletak» martxan jarraitzen duela salatu du Etxeratek. Dispertsioak eragindako istripuak «giza eskubideen aurkako eraso oso larri bat» direla ohartarazi dute.

Gogoratu dutenez, sakabanaketak 16 hildako eragin ditu dagoeneko «gaurkoa izan zitekeena bezala. Batzuk besteak baino ikusgarriagoak dira, baina egoera denak gizarte honetako zati handi baten bizitzei eragiten eta baldintzatzen ari dira».

«Ez dugu politika hau aplikatzen duten estatuen – eta horretan laguntzen dieten erakundeen -mendeku gosea ez eta arduragabetasuna konpartitzen. Ez dugu gure eskubideak baldintzatuak izan daitezen sekula onartuko, eta hauen defentsaren alde lanean jarraituko dugu. Aski da!», gaineratu dute komunikabideetara igorritako oharrean.