INFO

A8-a mozteagatik epaiketara aurkeztu ez diren hiru gazteak atxilotzeko agindua eman dute

2007an Jarrai-Haika-Segi auzia salatzeko A8 autobidea moztu zuten bost gaztek eta gaur zuten epaiketa Donostin, laugarren aldiz. Aurrekoetan bezala, Asier Alberdi eta Saioa Zerain agertu egin dira, baina Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Ainara Ladron ez dira agertu. Epaileak hauek atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman du.

Ariznabarreta, Ladron eta Azkona atxilotzeko agindua eman du epailuak. (@topatu_eus)

Epaileak Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta atxilotzeko agindua eman du. Hiru gazteak, Asier Alberdi eta Saioa Zerainekin batera ziren epaitzekoak gaur Donostiako epaitegian, 2007an, Jarrai-Haika-Segi auzia salatu asmoz, A8 autobidea moztea leporatuta, baina ez dira epaiketara agertu. Abenduan ere ez ziren aurkeztu eta orduan epaiketa atzeratu egin zuen epaileak.

Oraingoan, ordea, hauek  atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman du epaileak, epaituetako batek NAIZ-i jakinarazi dionez. Epaileak berak aurkeztu diren bi gazteei ea beste hiruak non zeuden bazekiten galdetu die, bere aurretik pasarazi dituenean. Alberdik eta Zerainek epailearen haserre jarrera nabarmendu dute.

«Zer nahi duzue honekin? Espetxera joan? Ba lortu egin duzue», adierazi die epaileak.

Ekintza hartatik ia bederatzi urte igaro dira eta hasieratik desobedientziaren aldeko hautua egin zuten auzipetuek. «Desobedientziaren bidean jarraituko dugu, bakoitza daogen bidetik desobedientziaren aldeko apustua egin dugu eta egingo dugu. Eta epaiketan ere hala izanen da», adierazi dute.

Atxilotze eta espetxeratze aginduak salatzeko mobilziazioak iragarri dira. Besteak beste, Arbizun, 19:00ean, elkarretaratzea burutuko dute. Ordu berean, Eibarren, Untzagatik manifestazioa abiatuko da eta Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan elkartuko dira. Elgoibarren, 19:30ean da deialdia.

Eleak Mugimenduak salbuespen neurriek «ez dutela etenik» salatu du

Eleak Mugimenduak, ohar baten bidez, babesa adierazi nahi izan die bost auzipetuei, eta bidez batez, «euren jarrera desobediente eta elkartasunezkoa txalotu». Era berean salbuespen neurriek «ez dutela etenik» azpimarratu dute. 

Ladronen hitz batzuk ere bildu dituzte. «Gaur egun desobedientzia oso tresna eraginkorra da, estatuen izaera antidemokratikoa agerian utziz, indarrak biltzeko. Askatasunaren bidean, lege injustuak gainditzeko gure borroka eta hautua ere kolektiboa izango dira. Jarrera desobedenteak esparru guztietara hedatzeko ekarpena da gurea». Honela, deitu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.