INFO
Entrevue
JOAN MARI TORREALDAI
KAZETARI, SOZIOLOGO ETA IDAZLEA

«‘Jakin’-eko ikuspegi bateratzailea ‘Egunkaria’-n txertatzen saiatu nintzen»

Gobernuarekin lan egiteko edo unibertsitatean irakasle izateko aukerak izan zituen, baina berak euskalgintzaren lubaki xumeagoak maite ditu. Maratoilaria izana da eta iraupen luzeko kultur proiektuetan ibili da. «Jakin»-en 42 urte eman zituen zuzendari. Horrek eta «Euskaldunon Egunkaria» sortzen, kudeatzen eta ondoren akusazio absurdoen kontra borrokan egin duen lanak edonoren curriculuma bete zezakeen, baina bereak baditu beste hainbat arlo. Gaur Manuel Lekuona Saria jasoko du.


Zuen adina baino gazteago zen irudipenarekin bizi izan da. Gaixotasunak tarte hori berdintzen lagundu omen dio. Sendagileen eskuetan jarraitzen du, baina hobeto sentitzen da: tarteka bizpahiru orduko ibilaldiak egiten ditu mendian. Egun batzuetako bizarrarekin agertu da, onenak eman dituen galai baten itxurarekin. Manuel Lekuona Saria emango diote gaur eta esker oneko bai, baina deseroso sentitzen da. «Ez da apaltasun faltsua. Badakit talde baten izenean ematen didatela saria, baina taldekoei erreparatzen hasi eta nik baino gehiago merezi dutenak ikusten ditut. Nik talde bateko eta belaunaldi bateko kide bezala hartuko dut sari hau eta hala hartu ditut beste sari eta aitorpen batzuk ere. Nire biografiak ez du distira berezirik. Langile on eta saiatu bat izan naiz eta beste batzuekin batean egin dut bidea», dio-eta Joan Mari Torrealdaik. Berak talde askotan egin du lan, baina bere taldeaz ari delarik, “Jakin” taldeaz ari da gehienbat, 80ko hamarraldian Donostiako Groseko etxe batean bildu zenaz eta Joxe Azurmendik, Joseba Intxaustik, Paulo Agirrebaltzategik eta beste batzuek osatu zutenaz.

Arantzazura

Joan Mari Torrealdai Foruko Urberuaga auzoko Mosone baserrian jaio zen 1942an. Aita baserri horretako semea zen eta ama gernikarra, bonbardaketak desegindako kale-etxe batekoa. Beste batzuek George Steer-en liburuaren edo dokumentalen baten bidez ezagutu zutena Joan Mari mutikoak bere begiz ikusi zuen: teilaturik gabeko etxe zartatu eta erreak Gernikako erdigunean. «Gurasoek gerrari buruzko pasadizoak kontatzen zituzten, baina markorik eman gabe. Gerrari buruz oso gutxi hitz egiten zuten. Amaren etxea desegin egin zuten eta dozena bat arrautza egosi hartu eta ihes egin zuten Mungiatik barrena Bilboko osaba baten etxera», gogoratu du.

Joan Mari Torrealdairen bizitzan ez dago trauma berezirik, ez bada “Euskaldunon Egunkaria” itxi ondoren ezagututako lokamutsa. «Bizitza zoriontsua izan dut eta, horregatik beharbada, ez du nire bizitzak distira berezirik», dio. Izatekotan ere, iraupen luzeko proiektuetan sartzeko izan duen jarrera nabarmenduko luke berak. Horrek bere kirolzaletasunarekin omen du zerikusia.

Baina badago beste ezaugarri bat txikitandik erakutsi duena. Etxean bi senide ziren, arreba eta bera, zaharrena. Foruan bazen orduan frantziskotarren seminario bat herriari kolorea ematen ziona. «50 bat mutiko ziren 14-15 urtekoak. Urtero antzerki bat egiten zuten herriarentzat eta irteerak egiten zituzten oinez hara eta hona. Gure baserri inguruetara askotan etortzen ziren. Nik ez nuen baserrian lanean gelditzeko batere gogorik. Eskolan ondo moldatzen nintzen eta aitari esan nion fraidegai haiek bezala izan nahi nuela, ikasi egin nahi nuela alegia. 12 urterekin joan nintzen Arantzazura». Geroztik Arantzazu erreferente garrantzitsua izan da. Basilika berriaren urteak izan ziren. Han ezagutu zuen Oteiza. Kontatu ohi da: «¿Cómo puede un chico como tú estudiar para fraile?», esaten ziola eskultoreak, mutil dotorea zelako. Han ezagutu zituen Chillida, Lucio Muñoz, Basterretxea eta beste hainbat. «Oteizarekin asko egoten ginen. 1956ko Euskaltzaindiaren batzarra ezagutu genuen eta batzar horretarako sortu genuen ‘Jakin’. 68ko euskara batuaren batzarra ere bertatik bertara jarraitu genuen. Eta euskalgintza zahar eta berriko jende asko biltzen zen Arantzazun. Babesleku bat zen hura, leku libre bakarra, eta han egoteko zoria izan genuen. Gogo-jardunak egiteko lekua zen eta gogo-jardunen aitzakian bilera asko egiten ziren han, baita ezkerreko jendearenak ere», dio.

Liburuen mundua

Arantzazuko ikasketak bukatu eta bi urte eman zituen irakasle Zarauzko Antonianoen ikastetxean eta “Jakin” zuzentzeko deitu zioten. Egiteko horretan bi urte eman ondoren, 1969an debekatu zutenean ikasketa akademikoak egitera atera zen Okzitaniako Tolosara lehenik (diplomaturako lana askatasun teologiaz egin zuen) eta Parisera ondoren Institut d’Études Sociales-en eta Ecole Practique des Hautes Études-en Soziologia egitera. Kultura idatziaren azterketa izan da geroztik bere arlo kutunena. Jacques Gallard irakaslearekin egin zuen “Les écrivains basques contemporains: approche sociologique” lana 1975ean eta horren garapena izan zen 1977an Lankide Aurrezkiak atera zuen “Euskal idazleak gaur” liburua (45.000 aleko tirada egin zuten). Eta horren segida izan zen hogei urte geroago Laboral Kutxak eta Elkar Fundazioak atera zuten “Euskal kultura gaur” (20.000 ale).

Euskal Herrira itzuli eta “Jakin”-en zuzendari zela, legeak titulua eskatzen zionez, Kazetaritza ikasketak egin zituen Leioan eta lizentziaturako tesinarako “ETB eta euskara” lana egin zuen. Nikaragua eta El Salvadorri buruzko erreportaje luze bat idatzi zuen “Jakin”-erako, Ellakuriaga, Sobrino eta abarrekin ibili ondoren. Deustuko Unibertsitatean eman zion Pariseko ikasketei segida eta idatzi zuen tesia euskal gaiei buruzko liburuetan frankismoak ezarri zuen zentsuraz (“La censura gubernativa y el libro vasco 1936-1983. Análisis de los informes del lectorado”). «Lan guzti hauek eta urtero egiten dudan euskal produkzioren azterketak badute lotura bat. Xalbadorrek esaten zuen euskara bihotza zela eta herria gorputza. Niretzat kultura da gorputza eta kulturak duen barruko mundu hori azaltzen saiatu naiz. Euskal kultura erdarak estaltzen du. Elkarrekin harreman gutxiegi duten bi kultura edo komunitate daudela esan ohi da, baina ez da egia. Euskal komunitatea erdal komunitatearen barruan dago, azpian, ezkutatuta eta kultura horri ikusgarritasuna ematen saiatu naiz», dio.

Bere lanen artean bitxiena zentsurari buruzko tesia da. Zein ziren frankismoaren zentsurak zituen ‘lectore’ horiek? «Euskaraz zekiten irakurleak gutxi ziren eta kanpoko laguntza bilatzen zuten. 1961ean sartu zen euskaraz zekien lehen irakurlea Madrilen, Antonio Albisu debarra, frantziskotarra izandakoa. Oso mundu interesgarria da. Interesgarriena erabiltzen zituzten irizpideak dira. Euskara batuari buruz ari direla, garbi dute euskara batua kultura hizkuntza dela eta ezin dute onartu, kultura hizkuntza bakarra estatuan gaztelania delako. Katedratikoak, abokatuak, militarrak… denetik dago ‘irakurleen’ artean. Euskal gaiekin zerikusia zuten 2.500 txosten aurkitu eta arakatu nituen. Hiruzpalau lan argitaratu nituen gai horretaz, tesia bera argitaratu gabe badago ere».

Ikuspegi bateratzailea

1967an aldizkariaz arduratzeko deitu ziotelarik, harpide multzo bat zegoen, 800 bat, baina ez zuen eredu garbirik eta Karlos Santamariaren eta Rikardo Arregiren laguntza lortu zuen eta hirukotearen inguruan erredakzio talde bat osatu zuen. «Politikaren munduan ordurako sektakeria asko zegoen, baina euskararen munduan gutxiago eta euskalgintza berriaren aldeko jende gehienaren onespena izan genuen. ‘Jakin’ ez da inoiz dogmak azaltzeko pulpitua izan. Eredu bezala ‘Esprit’ aldizkari frantziarra erabili genuen, Frantziako kristau progresisten aldizkaria zen, baina guk ez genion sekula kutsu hori eman ‘Jakin’-i, Arantzazun zegoenean ere laikoa deklaratu baikenuen».

“Jakin”-en erabili zen ikuspegi ideologiko zabal eta bateratzailea baliatu zuen Joan Mari Torrealdaik “Egunkaria” Sortzeneko Talde Bateragilean lehenik eta Administrazio Kontseiluko kide eta Kontseilu Editorialeko buru izan zenean. “Egunkaria” euskalgintzaren baitatik sortzen da. Horren froga izan daiteke Torrealdai Kontseilu Editorialeko buru izatea.

Hamahiru urtez iraun zuen “Euskaldunon Egunkaria”-k eta beste hamahiru urtez iraun du akusazio absurdoen kontra egin duten borrokak eta oraindik ordaintzen ari da jasan zituen torturen ondorioak. «Sufrimendu handia izan genuen, baina satisfazio handiak ere bai», dio eta jaso zuten babesa aipatzen du. Gaixoaldiaz ere luze aritu da.

Euskaltzain oso ere bada 2007tik. 1989an ezkondu zen eta seme-alabak ditu. Berandu samar ibili zela esaten diodanean, Pedro Migel Etxenike eta Bernardo Atxaga aipatzen ditu, bera bezala berandu ibilitakoak. Lehen umea Egunkariarekin batean jaio zen.

 

Sei maratoi, Hiru Handiak hiru aldiz, Santiagora hamabost egunetan

Gaztetatik izan da mendizalea. 60ko hamarkadan Pirinioetara joaten hasi zen eta askoz ere geroago, Mikel Arrizabalagarekin bereziki, Alpeetara maiz joan zen. «Astebururo mendira joan izan gara urteetan. Euskal Herriko mendi martxa denak uste dut egin ditudala, 40 kilometrokoak. Lehen laburragoak ziren, baina luzatzen joan dira. Hiru Handiak, 100 kilometroko martxa, hiru aldiz egina dut, baina martxa horiek ere berandu egin ditut, 60 urte bete eta gero. Joseba Jaka eta biok basamortuko maratoia egitekotan ibili ginen luzaz, baina ez ginen inoiz joan. Nik sei maratoi egin ditut, Joseba Jakarekin batean ere bai. Behobia askotan egin dut», dio.

Ba al du zerikusirik iraupen luzeko kirol jardunak iraupen luzeko proiektuetan aritzearekin?, galdetu diogu eta ez du zalantzarik: «Psikologia bera da. Gehiago esango dizut: neure burua ezagutzen iraupen luzeko kirol jardunarekin hasi nintzen. Gauza bat da maratoi bat egitea eta gogorra da, baina gogorragoa da horretarako ondo entrenatzea. Hiru ordu korrika egitera ateratzen zarenean askotan bakarrik ibili behar duzu eta indarrak ahitzen hasten direnean buruak tira behar dio. Martxa luzeetan ere beti dago flakiaren une bat, zati handi bat egin, nekatu zara eta helmuga urruti ikustean etortzen dena. Une hori kudeatzen jakin behar da eta bizitza ere gauza bera dela ohartzen zara: sartzen zara lan luze batean eta ez duzu ikusten bukaerarik eta jarraitzeko gai izatea borondate kontua da, pauso bat gehiago emanda bukaeratik gertuago zaudela ikasten duzu».

Mikelek eta biek hamabost egunetan egin zuten Santiagoko Bidea, Orreagatik abiatuta, batez beste eguneko 50 kilometro eginez eta «bizkarrean zamarekin». «Maratoniano izatea izaera modu bat da, ez da gaitasun fisikoa bakarrik, buruko indarra behar da. Mikelek esaten du elkarrekin 15.000 kilometro egin ditugula eta ez gara sekula haserretu», dio.

Asteari errepasoa emateko balio dio mendiak. «Askotan bilera peripatetikoak izaten dira. Eztabaidatzeko eta pentsatzeko aukera izugarriak ematen ditu mendiak. Paperetik distantzia hartzeko eta arazoa bere osotasunean ikusteko balio du», dio. Bakarrik doanean grabagailuarekin ere joan izan da.J.A.