INFO

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek «Bai» esan diote independentziari

Laudion ospatzen ari den Gazte Danbadan ekitaldi berezia prestatu dute Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek Aberri Egunaren baitan. Bertan independentziari «bai» esateko beharra nabarmendu dute, «urteetan ereindakoa jasotzeko».

Aberri Eguneko ekitaldia Gazte Danbadan. (ARGAZKI PRESS)

«Gure Herriaren askapen borrokaren eguna dugu. Urteetan ereindakoa jasotzen dugun eguna» adierazi dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek Aberri Egunaren harira igorritako testu baten harira.

Laudion Gazte Danbada ospatzen ari dira bi antolakundeak egun hauetan, milaka gazterekin batera. Eta gaurkoan ekitaldi nagusiak Aberri Eguna izan du ardatz. «Prozesu independentista baten beharra du Euskal Herriak, egun inoiz baino gehiago. Burgesia motore izango ez den prozesu baten beharra du langile klaseak. Merkatuaren diktaduraren gainetik, emantzipazio eta burujabetzarako hautua egin dugu. Ez dugu sistema patriarkal baten menpeko estaturik nahi, horretarako mugimendu feminista prozesuaren lehen lerroan egon behar da. Herri, langile eta emakume bezala askatuko gaituen prozesua jarri behar dugu martxan, orain», gehitu dute.

Horretarako «baldintza errealen beharra» nabarmendu dute. «Argi izan behar dugu hemen ez dela prozesu independentistarik izango herritarrok martxan jartzen ez badugu. Burgesiaren etxean ez da independentistarik.…ez zaituztegu gurekin nahi, ez zaituztegu ezertarako behar», adierazi dute.

Bide horretan «kolore askotariko Euskal Herria» margotzeko prozesua bultzatu nahi dute. «Prekarietatea salatuz, etxe hutsak okupatuz, aisialdi eta bizi eredu askatzaileak sortuz, euskaraz biziz, erantzun behar denean erantzuten…guretzat eta guretzako Herria eraikitzen. Badugu gure proiektu politikoa. Euskal Herri aske, sozialista eta feminista».

Horregatik «bai» esan nahi izan diote independentziari, eta aldarria kalean eraikitzeko konpromisoa hartu dute. «Herrietan martxan jarriko diren galdeketetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu gaur Laudion. Bozka ematetik haratago, herri bezala aldarrikapen independentista bultzatzeko hautua egiten dugu. Gazteok bozkatuko dugu, BAI independentziari».