Lanpostuak bermatzeko akordioa betearaz dezala eskatu diote Bizkaibuseko langileek Aldundiari
Bizkaibuseko sindikatuak maiatzetik aurrera lanuzteak egiteko aukera aztertzen ari dira, lanpostuak bermatzeko Foru Aldundiarekin eta enpresekin sinatu zuten akordioa betetzeko hasi dituzten mobilizazioek fruiturik ematen ez badute.
Bizkaibuseko 200 langile inguruk elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, garraio zerbitzua kudeatzen duten enpresekin bitartekari lana egin dezan, 2014ko urrian lanpostuak bermatzeko sinatu zituzten akordioak bete ditzaten.
ELA, LAB, CCOO, UGT eta USOk gogora ekarri dutenez, ia urte eta erdi igaro da Foru Aldundiak Bizkaibusen lineen esleipenak enpresa berriei berritu zizkienetik, langileak subrogatzeko baldintzarekin. Hamahiru eguneko grebaren ondoren, sindikatuek eta Aldundiak akordioa sinatu zuten, lanpostuak mantentzeko –1.300 inguru, finko eta aldi baterakoak–.
Sindikatuek diotenez, Bizkaibuseko bost enpresetako langileak lan hitzarmenik gabe daude, 2014ko abenduan iraungi baitziren. Negoziazioa geldituta dago eta konpainiek «eskubideak murriztu eta lanpostuak amortizatu» nahi dituzte, salatu dutenez.
Horregatik, Foru Adundiari esku hartzeko eskatu diote, enpresei akordioak betearazteko.
Gaur hasi dituzten mobilizazioek fruiturik eman ezean, maiatzetik aurrera lanuzteak egitea aztertuko dute.