Gorka Mayo: «Eragin diguten sufrimendua ezerezean gera ez dadin borrokan jarraituko dugu»
Jon Patxi Arratibel, Iñigo González, Gorka Mayo, Iker Moreno eta Gorka Zabalak positiboki baloratu dute espetxera joatea ekidingo dien akordioa. Auzitegi Nazionalari eta Estatu espainolari tortura kasuetan izan duten ardura onartu eta «errekonozimendutik erreparaziora jauzi egiteko exijitu diote.
Auzitegi Nazionaletik atera eta senide eta lagunen besarkadak jaso ondoren, Gorka Mayok hartu du hitza bost auzipetuen izenean. Auzitegi Nazionalean lortutako akordioa positibotzat jo dute, «aurrera egiteko balio duelako eta kartzelan sartzea ekidingo dugulako».
Nolanahi ere, nabarmendu nahi izan dute Auzitegi Nazionalean «euskaldunon eskubideak oraindik orain ez direla bermatzen, ezkertiar eta independentista izateagatik».
«Ezin dugu ahaztu Auzitegi Nazionalak jarraitzen duela izaten ezker abertzalearen ilegalizazioaren akuilu den epaitegia, etsaiaren zuzenbidea aplikatzen duen epaitegia, tortura oraindik orain onesten duen epaitegia», salatu du.
Horregatik, Estatu espainolari exijitu diote «salbuespen legedia eta auztegiak bertan behera utz ditzala».
Tortura ere izan du hizpide Mayok eta atxilotu zituztenean bost egunez «basatiki» torturatu zituztela gogora ekarri du. Ildo horretan, Patxi Arratibelen tortura salaketa ez ikertzeagatik Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainola zigortu zuela eta Torturaren Prebentziorako Komiteak auzipetuen salaketak sinesgarritzat jo zituela oroitu du.
Estatu espainolari eskatu dio torturarekin «behingoz» bukatu dezala eta «onartu dezala tortura sistematikoki aplikatu dela euskal militanteen aurka azken urtetan».
«Bada garaia Estatuak eta Auzitegi hauek torturaren babespean izan duten ardura onartu eta ardura hori errekonozimendutik erreparaziora jauzi egiteko», erantsi du.
Azkenik, jasandako sufrimendua «ezerezean gera ez dadin» borrokatzen jarraituko dutela adierazi du Mayok.
Heldu den larunbatean agerraldia egingo dute Iruñean bost auzipetuek.