INFO

Behingoz ohe hutsik egon ez dadin

«Ohe hutsak» aipàtzen zituen Hertzianak taldeak presoak irudikatzeko. 564 ohe huts, zorionez, dagoeneko ez dira horrenbeste; tamalez, gehiegi dira oraindik. Inon ohe hutsik egon ez dadin, atzo Bilboko kaleek jende askoren taupadak entzun zituzten. Zorionez, ez ziren 564, milaka eta milaka baizik.


Metrora heldu orduko igartzen zen “manifa eguna” zela; jendea kuadrillaka sartzen zen, aspaldian elkar ikusi gabeek topo egiten zuten barruan... Eta hizketaldiek, noski, argi erakusten zuten nora zihoazen bidaiari gehienak. «Bai, duela bi aste egon ginen berarekin. Ondo, badakizu, beti esaten digu gauza bera». «Eta, zenbat ordu bidean?». «Zazpi ordu, tirada itzela, bai». «Nik orain bi ordu eta erdi bakarrik...». Horrela zebiltzan bikote adindu bat eta hogeita hamar bat urteko emakumea Basarraten. Hau gipuzkoarra, horiek bizkaitarrak; honek bikotekidea, horiek semea. Kartzela, dispertsioa... horrekin guztiarekin bukatzeko Indautxun jaitsi eta Casillarako bidea hartu zuten.

Casilla baitzen abiapuntua. Bertan, manifestazioa hasi baino lehenago, ehunka preso ohi. Beraiei so jarrita, herri honen azkeneko hamarkadetako historia politikoa laburbildu zitekeen: Antton Lopez Ruiz, Jesus Mari Zabarte, Isidro Garalde, Jose Antonio Torre Altonaga, Juan Karlos Ioldi, Jokin Urain, Jokin Etxeberria, Gabi Mouesca, Jokin Aranalde, Xabier Alegria, Juan Mari Olano, Itziar Aizpurua, Pablo Gorostiaga, Murga anaiak, Jexux Mari Zalakain, Olatz Egiguren, Ruben Nieto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez... eta horrela, dozenaka asko. Talde heterogeneoa, baina denak kartzelatik pasatutakoak eta denak kartzelan daudenei babesa emateko bilduak. Kazetari andana ere bai, inguruan, nor den nor eta zein den zein jakin nahian.

Eguerdia gertu zegoen, eta plazatxoa utzita errepiderantz jo zuten. Han, pankarta zabaldu –“Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera!”– eta abiatu ziren. Eta lehen pausoa ematearekin batera heldu ziren oihuak: «Jo eta ke, denak askatu arte!», «Iheslariak etxera!»... ez zen manifestazio isila.

Autonomia kalean aurrera egin zuten, eta aurrera egin ahala betetzen joan zen Bilboko etorbide handiena. Igande eguerdia izanagatik, Zabalburun atzera begiratu eta den-dena jendez beteta ikusi zuten bidea irekitzen zebiltzanak. Jendetza.

Beheranzko bidean, Mirentxineko kideak zain zituzten, furgoneten gainera igota, maiatzaren 7ko martxa iragartzen. Txalo zaparrada horientzat. Eta txaloak Plaza Biribilean, deportatuak gogoan izan zituztenei. Eta txaloak, Periko Solabarriaren argazkiari. Eta txaloka-txaloka udaletxera heldu ziren, hurrengo hitzorduan hutsunerik egongo ez den itxaropenarekin.