«Hondamendia» den erraustegiaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu EH Bilduk
Donostiako EH Bilduren udal taldeak Zubietako erraustegiaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu Lakuako Ingurumen sailean, azpiegitura hori eraikitzeak osasun eta ekonomia arloan «hondamendia» ekarriko duela azpimarratuz.
Donostiako EH Bilduko zinegotziak Lakuako Gobernuaren egoitzan izan dira, Zubietako erraustegiari emandako ingurumen baimenari alegazioak aurkezteko.
Datozen 35 urteotan, azpiegitura horretara bideratuta Gipuzkoako diru-kutxetatik 1.216 milioi euro aterako direla adierazi du EH Bilduk eta, Amaia Almirallek azpimarratu duenez, diru kopuru «ikaragarria da, gutxi batzuek negozioa egin dezaten».
Era berean, erraustegia eraikitzeak osasun arloan «hondamendia» ekarriko duela azaldu du. Gaineratu du badaudela kalte horiek argi eta garbi aipatu dituzten medikuak, erraustegia dagoen tokietan minbizi kasuak hazi egiten direla adierazten duten datuak emanez.
Ildo horretan, berriki erraustegiaren proiektuaren aurka sortu den GuraSOS plataforma aipatu du, donostiarren eta Gipuzkoarren kezkaren erakusle dena.