Fenerbahçe eta Baskonia zaleak elkarrekin Berlinen
Txikikeria edo betikoa dirudi, baina sarritan saskibaloiaren magia egiazko bihurtzen da. Fenerbahçeko zaleek, Laboral Kutxaren aurka finalerdia kostata irabazi ostean, behin baino sarriago egin dute «Baskonia Etxetik» bisita, talde gasteiztarreko zaleei beren errespetua adierazi eta txarangarekin bat egitera.
Domeka eguerdiko azkenengo hitzordua geldiro hasi da, larunbat gaua biharamona argitu arte luzatu baitzen askorentzat. Hala ere, Alexanderplatzeko baskonisten txokoa astiro astiro bete egin da erraldoi, dultzainero eta txarangaren eskutik. Euskal jarraitzaileak ohiko moduan inguratu dira, baina gero eta turkiar gehiago ere bai. Ez dute ospe onegirik Fenerbahçeko zaleek, baina egiari zor, asko eta askok ez dute halakorik merezi.
Hala, txarangarekin errespetu osoz eta alaitasunez nahastu dira gasteiztarrekin batera, eta baita «Baskonia» eta «Baskonia» garrasien erdian «Fenerbahçeren» bat edo beste sartzea lortu ere. Bufandak elkartrukatuz amaitu dute Fan Zoneko azken jaia Mercedes Benz Arena aldera abiatu aurretik.