INFO

Bigarren olatuan 60 herrik baino gehiagok egingo dituzte galdeketak

2017rako galdeketak iragarrita dituzte Oiartzualdean, Sakanan eta Uribe Kostan, besteak beste, baina aurki herri gehiago gehituko zaizkie. Orotara 60 inguruk hartuko dute bigarren olatua. Beste askotan, erabakitze eskubidearen aldeko adierazpenak onartuko dituzte.


Iragan udazkenean “Eskura” prozesuaren baitan aurkeztu zuen Gure Esku Dagok 2018a erreferentzia gisa hartuta egin nahi duen bidea. Erabakitzeko eskubidea gauzatzea ardatz hartuta, lehen urrats garrantzitsua egingo dute bihar 34 herrik, baina «igandekoa olatuaren hasiera da eta atzetik datorrena askoz ere indartsuago dator», dio ekimen herritarrak atzo igorritako prentsa oharrak.

Orain arte, datorren urtean –Diman eta Bakaikun azaroan egingo dituzte– galdeketak egingo dituztela iragarri duten herriak hauek dira: Aulesti, Arrigorriaga, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Lemoiz, Urduliz, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Hernani, Usurbil eta Sakanako hainbat herri. Azken honen kasuan, ekainaren 11n ezagutuko dira deialdiaren xehetasunak, beste hainbat herrirekin batera agerraldia iragarri baitu Gure Esku Dagok Iruñean, Nafarroan bigarren olatuaren baitan galdeketak izango diren herrien zerrenda jakinarazteko. Guztira 60tik gora herrik osaturiko zerrendak emango dute biharkoaren ostean galdeketak egiteko pausoa.

Beste hamaika ekimen

Oharrean nabarmentzen denez, bere esparruan «nahikoa adostasun» lortu ahala ari da herri bakoitza urratsa egiten. Ildo horretan, horietako batzuen kasuan erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak bihurtu dira galdeketa antolatzeko lehen adostasun eremu. Hala, hurrengo bi asteburuetan izango diren adierazpenen aurkezpen publiko horietan iragarriko dituzte galdeketa berriak.

Edonola ere, aurreikusitako bidean, oraingoz behintzat begi bistan galdeketarik ez duten hainbat herri ere badira, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenekin urrats berriak egingo dituzte asteburu honetan hasita.

Horrela bada, gaurtik bertatik aurrera ezagutuko da zein herritan lortu duten galdeketa egiteko nahikoa adostasun eta oraindik urrats hori egin ez arren zer pauso emango duen bakoitzak. Gaurko, ekimenak iragarri dituzte Tolosan (eskualdeko pertsona esanguratsuek parte hartuko dute bertan), Errenterian (galdeketa egiteko abiatutako sinadura bilketaren emaitza aurkeztuko dute), Irunen, Hondarribian, Zumaian, Mutrikun, Deustuan, Larrabetzun, Ugaon, Galdakaon (mosaiko erraldoia iragarri dute), Barakaldon (mosaiko erraldoia), Portugaleten, Sestaon, Santurtzin, Erandion, Aulestin, Markina-Xemeinen, Orozkon, Ondarroan eta Amurrion. Eta bihar, 34 herritan galdeketa egiten ari diren bitartean, ekimen deigarriak izango dituzte Getxon –Biotz Alai plazan, 12.00etan– eta Donostian –Bulebarrean 11.00etatik 15.00etara–, eta Leioan, Muskizen, Urdulizen, Gernikan, Mungian, Lemoizen eta Mendexan ere publiko egingo dituzte euren herrietan lortutako erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak.

Hurrengo asteburuan Txingudi badian ekimen bateratua egingo dute Irun, Hendaia eta Hondarribiko herritarrek.

 

Independentistek argi dute zein hautu egingo duten

Bihar Goierri, Debagoien, Aramaio, Azpeitia eta Ispasterren egingo diren herri galdeketen testuinguruan, Independentistak sarea parte hartzearen eta «Euskal Estatuari bai» esatearen aldeko ekimenak egiten ari da azken egunetan herriz herri. Ostiralean hainbat ekitaldi egin zituen, besteren artean, Arrasaten eta Antzuolan, lagun askoren parte hartzearekin.

Bestetik, Gazte Abertzaleak erakundeak «erabakiaren aroa» dela nabarmendu du hedabideei igorritako oharrean, gaineratuz bere kideek argi dutela «zein den gure bidea Euskal Herri alai, anitz eta aske bat lortzeko: independentzia». Hori dela eta, bihar egingo diren eta etorkizunean gauzatuko diren herri galdeketetan parte hartzen izango direla iragarri dute, «mezu sinple baina itxaropentsua babestuz: bai demokraziari, bai justizia sozialari, bai euskarari, bai askatasunari eta bai etorkizunari». «Gazte Abertzaleetako kideok argi dugu Estatu espainoleko nahiz frantseseko egoera politiko, sozial, kultural eta ekonomikoak basamortu idor bilakatzen dutela geure herria, eta bertatik itsaso zabalera bueltatzeko independentzia behar-beharrezko garraioa zaigula», aipatzen du oharrak, ondorengoaz gaineratuz: «Mendean gaituzten estatuek inposatzen dizkiguten mugak hausteari ez diogu beldurrik, geure geroa erabakitzeko urratsa egiteko ordua heldu zaigu guri ere».GARA