INFO

Aramaion, herritarrak dantzan eta kantari plazan

Aramaion aparteko giroarekin parte hartu dute herri galdeketan. Bozka emateko egokitu dituzten bederatzi mahaietako bat herriko plazan jarri dute, eta bertan 150 lagun baino gehiagok eman du bozka eguerdirako. Mahaiaren inguruan, kantari eta dantzan egundoko giroa sortu dute, beste boluntario batzuek 150 lagunentzako paella prestatzen zuten bitartean.

Emakume bat botoa ematen Aramaion. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ibarrako mahaia du izena Aramaioko Udaletxearen ondoko bozka emateko guneak. Karpa baten azpian jarri dute hautestontzia eta sistema informatikoa botoen kontrola eramateko. Eguerdirako 152 lagunek hartu dute parte. Oso datu ona, esan dutenez. Horri, zehaztutakoaren arabera, boto aurreratua eman duten 44 lagun inguru gehitu behar zaio.

Plazan jende asko bildu da. Txosna bat jarri dute eta dezente animatzen jardun dute Gasteiz Kantuz taldeko partaideek. Batzuetan kantari, beste batzuetan biribilketan edota jotak dantzatzen giro ederra sortu dute autobusez bertaratutako 30 lagunak, eta baita Amurrioko Gure Esku Dagoko partaide batzuek ere.

Herri bazkaria antolatu dute kiroldegian. Dastatzekoa zuten paella boluntario batzuek prestatu dute 150 lagun ingururentzat.