INFO

Arrasaten hasiak dira erabakitzen

Arrasatearrak goizean goizetik ari dira erabakitzeko eskubidea praktikan jartzen galdera baten  inguruan; «Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritarra?». Bederatzi gune eta 17 mahai egokitu dituzte bozka emateko, eta 200 boluntario baino gehiago ari dira lanean herriko auzo ezberdinetan.

Arrasatearrak lehen ordutik ari dira bozkatzen. (ARGAZKI PRESS)

Ikastolako gunean hasierako orduetan lana ez zitzaien falta mahaietan zeuden lagunei, gutxinaka-gutxinaka pasatu dira hautestontzietatik parte hartzaile goiztiarrenak. Adineko jende asko, eta haur txikien aita eta amak ikusi ditugu gehien bat, baita Gure Esku Dago ekimenaren aurpegi ezagunak ere. Bertan egon dira Zelai Nikolas eta Anjel Oiarbide, besteak beste. Nikolasek adierazi duenez, «askotan konturatzen ez bagara ere gauza handi bat egiten ari gara» euskal herritarrok herri kontsulta hauekin, «daukagun eskubidea praktikara eramaten ari gara-eta era natural batean», eta horrek nolabaiteko «herri klima sortzen du, elkarrren arteko ulermena, lana...»

Eguerdi aldera animazioa izan da herri kontsultaren inguruan. Sebero Altube plazan txosna montatu dute eta bertan pintxo-potea egin dute eta ondoan Gure Esku Dago ekimenaren material ezberdina ipini dute salgai. Erabakitzeko eskubideari irribarrea eta jai giroa emateko ere ez dira trikitilariak eta txarangak faltatu.