INFO

Goierrira poza itzuli den eguna

Alaitasuna, konfidantza eta aparteko giroa. Hauxek erabili beharreko hitzak igande honetan, ekainak 5, Goierrin barrena bizi izan den giroa azaltzeko. Euskal estatu burujabe bateko kide izan nahi duten galderari erantzuteko aukera ez dute izan orain arte euskaldunek, goierritarrak barne, eta azken hauek parada eduki dutenean aprobetxatu egin dute. Eta pozez aprobetxatu ere, zenbaitek dioten hori -«galdeketa hauek gizartea hausten dute»- gezurra dela inoiz baino ageriagoan utziz.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


07:30etarako ari zen jendea lanean Goierrin. Informatika taldeko kideek hitzordua jarrita zuten, galdeketarako prestatutako sare bereziari azken ukituak emateko. Ordu eta erdi beranduago ireki dira hautesontziak eta poliki poliki hasi dira lehenengo botoak sartzen kutxetan. Egia esan, ez dira lehenengoak izan, aurretikako botoa ematerik bazegoen-eta. Idiazabalen, esaterako 200 boto baino gehiago zeuden hautetsontzietan gaurko eguna hasterako.

Urretxun botoa eman duten aurrenekoetakoa herriko erretorea izan da, Iñaki Akizu, Goierriko artziprestea ere badena. Sermoiak ematera ohitua egon arren, hitz gutxi behar izan ditu gaur botoa zergatik eman duen azaltzeko: «Euskalduna eta demokrata naizelako». Handik gutxira, 11:00ak aldera, Mcrea Clark irlandar-urretxuarrak sartu du txartela ontzian. Derry hirian jaioa da Mcrea baina 19 urte daramatza Euskal Herrian bizitzen, erabat bertako eginda dago, eta «bertako kontuetan parte hartu beharra» sentitzen duelako eman du botua.

KKinzona irratia Zumarraga eta Urretxuko gaztetxeak kudeatzen du eta gaurkoan kalera irten da. Ordenagailua, mikrofonoak, bafleak… beharrezko traste guztiak instalatu eta elkarrizketak eta musika tartekatuz egun osoko programazioa eskaini du. Txistulariek eta dantzariek ere lagundu dute Goierri «garaiko» bi herriok alaitzen. Gure esku ez dagoen bakarra, eguraldia alegia, apartekoa dela nabari da dagoeneko.

Seguran etengabekoa izan da sartu-irtena Zurbano etxean, hementxe jarrita baitago hautesontzia. Adineko bikote bat semeak ekarri du autoan, eta aitona umoretsu azaldu da: «Nik andreak esandako botoa ematen diat» esan digu. Etxetik ekarri dute txartela. Zurbanotik metro gutxira bolatokia dago eta han joko bereziak antolatu dituzte gaurko, baita toka partidak ere. Arratsaldean flashmoba egitekoak dira herriko plazan.

Kilometro gutxira, Idiazabal. Hau guztia hasi zen tokia, Gazta Zati Batekin. Hemen ere aparteko giroa dago. Udaletxe azpian jarri dute botoa emateko tokia eta atzeaurrea etengabekoa da. Kamisetak saltzeko postuan aukera galanta dago eta idiazabaldarrak majo baliatzen ari dira. Herri bazkaria prestatzen ari da Ormaiztegiko Kuko jatetxe ezaguneko Iker Markinez sukaldaria eta azken txartelak saldu berri dituztela esan digute Ikerren laguntzaileek. Zelai Nikolas ikuskatzaileak eguna «oso, oso ondo» doala esan digu, eta poza nabari zaio aurpegian. Bere ahoz jakin dugu Azpeitian ehun urteko emakume batek botoa eman duela, eta ehungarren azpeitiarra izan da. Angel Oiarbide ere hemen dabil atzera eta aurrera, hedabideei kasu egin eta gero behar den guztian laguntzeko prest: «Kazetari, bazkaltzera geratuko haiz, ezta?». «Ez, estimatuta zegok, presaka nebilek».

Joan den egunetako izarra izan da eta gaur ere bai. Iker Irribarria pilotariak, Buruz Buruko txapeldunak, bere herrian eman du botoa, Araman. Eta non jarri dute hautes mahaia? Bada… pilotalekuan. Beti bezain gizon erantzun ditu Ikerrek kazetarien galderak. Baiezkoak eta ezezkoak aterako duten portzentaia baino garrantzitsuagoa dela partehartzea altua izatea nabarmendu du. Eta kazetari honek motxilan zeraman pilota batean bere sinadura jartzeko ere denbora hartu du.

Kronika labur hau bukatzean ari garenean 16:00ak dira eta oraintxe jakin dugu ordu honetan %20ra iritsi dela parte-hartzea Goierri osoan. Eta oraindik lau ordu falta dira hautetsontziak ixteko. Kazetarientzako toki egoki askoa prestatu du Gure Esku Dagok Beasainen eta hau hasi da kamaraz eta ordenagailuz betetzen. «Azalduko ote dira azkenean Tele 5kokoak? Ez dakit bada. Emaitza txarra bada bai, etorriko dira» dio kazetari batek, mugikorrari begira. Bada idatzi eta ogitartekoa jaten batera ari denik. Arratsalde eta ilunabarra luzeak izango dira eta prestatu egin behar.