INFO

Arnaldo Otegi: «Erresistentziaren aberritik Estatu izan nahi duen aberrira pasa behar da»

XXI. mendeko abertzaletasuna aztertu duen EHUko Udako Ikastaroan mintzatu da gaur Arnaldo Otegi. Honen krisia ez du ukatu ezta gutxietsi ere, azken hauteskunde emaitza kaskarrak bertan direlarik. Bere hitzetan, hauxe da kontua: «Erresistentziaren aberritik Estatu izan nahi duen aberri batera pasa behar da. Kontzeptu hura ahitua dago, oso nekatuta heldu da hona».

Arnaldo Otegi eta Lorea Agirre, EHUren ikastaroan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Abertzaleen proiektua beste fase batera igaro behar dela ohartarazi du Arnaldo Otegik Donostiako Miramar Jauregian emandako hitzaldian, hori egin ezean etorkizun latza duela erantsiz –«kolonizazioaren bidez marko estatala inposatzen ari zaigu eta honek ondorio asko ditu»–. Azterketa historikoa eginez, orain arte abertzaleen eskaintza ezinbestean erresistentziari lotua egon dela ekarri du gogora, baina une honetan Estatugintzara bideratu behar dela uste du, eta gaur-gaurtik bada hobe, alde batetik faktore identitarioaren indarrari eutsiz eta bestetik «txanpon bereko beste aldea den» osagai soziala txertatuz, abertzale ez direnei ere bizimodu hobea eskainiz.

Estatu hori eskuratzearen garrantzia nabarmentzeko hauxe esan du Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko lehendakariagai denak: «Estatua izanda ez gara %100 burujabe izango, baina Estaturik gabe %100 menpeko izango gara».

«Zerbait oso gaizki egiten ari gara», aitortu du Otegik. Izan ere, duela sei urteko ezker abertzalearen estrategia aldaketak talka armatua indargabetzearekin batera konfrontazio politikoa areagotzea zuen xede, eta «justu kontrakoa gertatu da, konfrontazio politiko hori desagertu egin da». Gaur da eguna, aipatu du, Jesus Eguigurenek eta beste hainbatek Euskal Herria «oasi» gisa hartzen dutela, «arazorik ez dagoen herri bakarra» ematen duelako.

Erresistentziatik Estatugintzarako transizio hori ez dela egun bateko kontua eta ezin dela soilik egitura politikoetatik diseinatu ohartarazi du Arnaldo Otegik. Eskaintza herritik eta herriarekin egin behar dela adierazi du, bestela ez duelako atxikimendurik lortuko eta hortaz alferrikakoa izango da ahalegina.

Hona iritsita, «‘pendulazo’en arriskua» aipatu du, «honetan oso iaioak garelako». Izan ere, orain Podemosen eraginez-edo den dena osagai sozialaren gainean eraikitzeko tentazioa ikusten du. Identitatearen faktorea ere oso indartsua dela Euskal Herrian eta ezin dela inolaz ere baztertu aipatu du: «Gure mitinetan oso ikurrina gutxi ikusten ditut –aitortu du Otegik, harriduraz–. Eta diskurtso ezkertiarrena egin dezakegu, baina euskaldunak gara».

Eguneroko zurrunbilotik urrundu, patxadaz hartu, ispiluak begiratu eta guzti honetaz hausnarketa sakona egiteko proposatu du Arnaldo Otegik. «Balantzea eta diagnosia egin behar dugu, gordin eta zorrotz baina amable aldi berean, ez delako autoflagelatzeko bakarrik», izan da bere aholkua.