Herri Sanferminak aurrera ateratzeko txandak betetzeko deia zabaldu dute
Bihar ekingo diete Iruñean sanferminei eta Herri Sanferminetako kideek jakinarazi dutenez, oraindik bete beharreko hainbat txanda daude eta hauek betetzeko deialdia zabaldu dute.
2016 urteko sanferminei ekiteko 24 ordu eskas falta direnean, azken prestaketekin dabiltza Herri Sanferminak plataformako kideak. Jakinarazi dutenez, aurten antolatu dituzten hiru guneetan (San Jose, San Frantzisko eta Baratxurien plaza) oraindik ere bete beharreko hainbat txanda daude.
Bihar bertan, San Frantziskon 17:00etatik 23:00etara sei pertsona behar dira sukaldean aritzeko eta zortzi Baratxurien plazan barra egiteko 23:00etatik 04:00etara. Modu berean, uztailaren 7, 9, 10, 11, 12 eta 14ean daude oraindik osatu beharreko txandak.
Herri Sanferminak auzolanaren bitartez aurrera ateratzeko laguntza eskatu dute eta herrisf.sarean@gmail.com helbidean izena emateko deia zabaldu dute.