INFO

Kulturari begiratua Baionan, Anari, Etxekopar eta Aurrekoetxearen eskutik

«Eta kultura autodeterminatuko balitz?» galdera zail, filosofiko eta ukitu surrealistakoari erantzuna emateko proposamen anitz izanen dira Udako Euskal Unibertsitateak Baionan uztailaren 6 eta 7rako antolatu duen ikastaroan. «Kulturari hiru begirada» emango dizkiote Maika Etxekopar, Anari eta Nora Aurrekoetxeak asteazkenean. Beraien bizipenetatik abiatuta errealitate kulturalari ekarpena egin diezaioketen adibide eta gogoetak plazaratuko dituzte.


UEUko ikastaroan kultura eta politika, kulturaren politika eta politika kulturala aztertuko dituzte. Egituraketa instituzionaletatik harago, esperientzia pertsonal eta amankomunen berri ere emango da, horren atzetik dauden gogoeta filosofikoei ere atea irekiz. Lurralde ezberdinetatik eta esperientzia anitzak dituzten hiru emakumeen beste hainbeste begirada biltzea izango da kulturaren autodeterminazioaren gaineko galderari erantzuteko bideetako bat.

Hiruren gogoeten atzean ikastaroarena berarena ere izan daitekeenaren gakoa aurki daiteke. Besteren artean, Nora Aurrekoetxeak «zer kultur eredu eraikitzen ari ote den» aztertu eta galdetuko du. Anariren hitzek «zer egin eta zer desegin nahi izan dugunaz» galdekatzen dute. Eta Maika Etxekoparrek euskaldunok dugun euskal eta erdal kulturari buruz mintzatuko da, bere buruari begiratuz.

Bizkaitik Okela Sormen Lantegiko Aurrekoetxeak erakundeen finantziazioaren mendekotasuna duen eredua salatzen du, hori dela-eta «artistok langile modura intsumitu» behar direla defendatuz. Zentzu horretan, eta ikastaroaren galderari zuzenean erantzunez eta Euskal Herria banantzen duten egitura administratiboak kontuan hartuta hau dio: «Autodeterminatua balego bezala funtzionatzen du, baina benetan dependentzia ekonomikoa dauka».

Aurrekoetxeak artisten arteko harremanen beharraren garrantziarekin konbentzituta Okela kolektiboa eratzera eraman zuen esperientzia eta beharraren nondik norakoak azalduko ditu. Bide beretik ariko dira Anari eta Etxekopar, kulturari bizipenetatik begiratuz.

Maika Etxekopar eta Anari

Etxekoparrek, bere ibilbidea «gibeltasunetik hartuta ematen dion perspektibarekin», tradizio eta sorkuntzaren arteko harremana, kultura eta artearen arteko loturak eta ezberdintasunei buruzko iritziak emango ditu.

Euskal Herri osoan lan egiten duen gazte zuberotarraren bizipen artistikoek interes berezia dute, antzezlearen garrantziaz gain baita eskasiagatik ere, ez baitira anitz Zuberoatik Euskal Herrira salto egin dutenak, eta are gutxiago lurralde ezberdinetan sortutako proiektuetan parte hartzen dutenak. Hori kontuan hartuta, Maika Etxekoparrek mundu profesionalean nola sartu zen eta euskal antzerki profesionalean duen esperientzia kontatuko du.

Euskaldun guztiek ia derrigorrezkoa duten elebitasun eta kultura bikoiztasuna ere hartuko ditu hizpide. Jarduera profesionalean eta bere baitan diren euskal eta frantses kulturaren elkarbizitzak ekartzen duena azalduko du.

Anariren hitzaldian ere bere bizipenak izanen dira oinarria: «Nire jardunak aritutik gehiago izango du aditutik baino». Horrela, bere esperientziari begira «aukera kontziente eta inkontzienteak» zeintzuk izan diren azaltzen saiatuko da.

Bizipenak hizpide, Bidehuts edizio etxeko eredu kooperatibista azalduko du. «Gure asmoa eraikitzen joan gara; hau da, gure diskoak guk egin, guk argitaratu, guk zabaldu eta inoiz diru sarrerarik balego, beste baten bila joan».

 

Kulturaren autodeterminazioaren inguruan gogoetatzen

Sortzaile, aditu, eragile eta agintari publikoak mahaiaren inguruan ezarriko dituzte UEU eta Jakinek elkarrekin antolatu duten ikastaroan. Eragileen arteko ezagutza eta lankidetza bideak markatzeko eztabaidak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira oinarri topaketa honetan.

Aniztasunean oinarritu nahi izan dute antolatzaileek, oso konplexua den eta eremu ezberdinak ukitzen dituen galderari erantzuteko: “Eta kultura autodeterminatuko balitz?”. Kultur politika zibil eta publikoen arteko harremanak aztertu eta lankidetza eta autonomiaren arteko aukerak ezbaian jartzea nahi dute.

Baionako Zizpa Gaztetxe berrian egingo da ikastaroa, eta gunea bera aztergai izanen den azken puntu honen erakusle da. Herriko Etxeak Gaztetxearen esku utzi du lokala, baina erabileraren gaineko baldintzarik ezarri gabe; hau da, guztiz autokudeatua da.

Gai horiek guztiak jorratzen parte hartzaile anitz izanen dira: Ibai Iztueta, Hedoi Etxarte, Haizea Barcenilla, Leire Lopez Ziluaga, Oier Plaza, Arantza Mariskal, Gaizka Amondarain, Pauline Guelle, Nerea Fillat, Joxean Muñoz, Mikel Erramouspe eta Asisko izango dira, Nora Aurrekoetxea, Anari eta Maika Etxekoparrekin batera. I. E.