Gobernu espainiarraren aurrean «herri gisa» aritzeko deia egin die EH Bilduk euskal diputatuei
Marian Beitialarrangoitia diputatu hautatuak elkarlanerako deia egin die Madrilen ordezkaritza lortu duten gainontzeko euskal alderdi politikoei. Bi alderdi politikoren arteko negoziazio eredua «agortuta» dagoela azpimarratuta, «alderdikeriak utzi» eta Gobernu espainiarraren aurrean «herri gisa» aritzeko deia egin die gainerako euskal ordezkariei.
Donostian egin duen agerraldi batean, elkarlanerako deia egin die Beitialarrangoitiak Madrilgo Kongresuan ordezkaritza lortu duten gainerako alderdiei. «Aurreko legealdian bezala, oraingoan ere euskal agenda gure herriaren erabakitze eskubidea defendatzen duten alderdi politiko guztien arteko elkarlanaren bitartez sustatzea proposatzen dugu», esan du.
PPk Kongresuko alderdiekin hasi duen kontaktu errondaren inguruari buruz, Beitialarrangoitiak esan du «herri honen zati garrantzitsu bat kontaktu erronda horretatik kanpo utzi izana ez dela bat ere hasiera ona». Azpimarratu duenez, «jarrera baztertzaile horrek agerian utzi du Alderdi Popularrak ez duela herri honek dituen arazoak konpontzeko benetako borondaterik».
EH Bilduko diputatu hautatuaren esanetan, bi alderdi politikoen arteko negoziazio eredua «agortua» dago. Are gehiago, azken urteetako emaitzak ikusirik «argi dago eredu horrek ez duela emaitza onik eman eta herri honek ez diola etekinik atera negoziazio eredu horri».
Beitialarrangoitiaren arabera, «ordua da alderdikeriak alde batera utzi eta herri gisa aritzeko». «Herri honen izenean hitz egin behar bada guztiok batera, indarrak batuz egin dezagun. Modu horretara soilik egin diezaiekegu aurre Alderdi Popularrari eta Espainiako gobernuari. Bestelako formula alderdikoiek porrota besterik ez dakarte», esan du.
«herri honen aldarrikapenak, interesak eta aldaketarako nahia defendatzeko modurik eraginkorrena euskal alderdiek bat egin eta eskutik helduta herri gisa aurkeztea da», nabarmendu du.