Kantu inprobisatua, hizkuntzak dinamismoz hornitzeko lanabes
Hizkuntzek ez dute zentzurik, erabiltzen ez badira. Hizkuntzek komunitatea eta dinamismoa behar dituzte bizirik irauteko eta kantu inprobisatuak, ahozkotasunari kidetasuna eta sentipen positiboa eransteko gaitasuna duen heinean, asko egiten du jaiotzen ikusi duen hizkuntzaren iraupenaren alde, izan Galesen, Galizian edo Euskal Herrian. Hori da «Europa bat-batean» kongresuko bosgarren eta azken saioan hizlariek defendatu zuten tesi nagusia.
Kantu inprobisatu adierazpide ezberdinek elikatu egiten dute jaio direneko hizkuntza. Hori izan zen atzo Donostian amaitutzat eman zen “Europa bat-batean” kongresuan bildu ziren jatorri ezberdineko hizlariek aho batez defendatu zutena. Tesi hau bereziki agerian geratu zen kongresuari amaiera eman zion saioan, zeinean Galesko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko ordezkari bana hizkuntza gutxituen eta kantu inprobisatuaren harremanen inguruan aritu ziren.
Marta Souto galiziarraren iritziz, estaturik gabeko hizkuntzen kasuan, gaur egun hizkuntza gutxituan hitz egitea «hautu pertsonal» bilakatu da eta horren aurrean hizkuntzok «gutxiagotasun sentimendua» izan beharrean «harrotasuna» sustatu beharko lukete, eta bide horretan kantu inprobisatuak badu zer emana. Herrialde Katalanetako ordezkari Albert Casalsen hitzetan, tradizioen zenbait alderdik, hizkuntzek kasu, eraldatu beharra daukate etorkizunean ere egon nahi badute eta, kataluniarren kasuan, «glosak berritasuna eta ikusgarritasuna ematen dio hizkuntzari. 80ko hamarkadan, adibidez, bazirudien ezin zitekeela kataluniarrez iraindu; nire ustez, hizkuntza batek erregistro ezberdinak behar ditu, akademia batean zein adierazpidearen mailarik baxuenean erabiltzeko modukoa izan behar du».
Miren Artetxek «globalizazioan eta eleaniztasunean bizi garela dirudien garaiotan» inprobisazioak ze leku izan dezakeen galdetu zion bere buruari, eta identitateaz hitz egitean kolektiboaz hitz egiten ari garela nabarmendu zuen: «Identitatea taldean sortzen da, eta kantu inprobisatuak badu alde emozional hori; haren inguruan sortzen diren harreman estu eta konfiantzazkoak erreproduzitu egin nahi izaten ditugu gure bizitzako beste alderdietan ere. Bizipen aberasgarriak ematen dizkigu», ziurtatu zuen.
Eurig Salisbury galestarrak bere herrialdean welsh poetry edo euren kantu inprobisatua hezkuntza curriculumetik atera dutela eta poesiaren erabilerak hizkuntzari onura ekarriko liokeela baieztatu zuen. «Borrokan ari gara etengabe. Poesia tradizionalki beste arte adierazpide batzuen gainetik ikusi izan da eta horrek bere abantaila eta desabantailak ditu. Ni artera emana nago, eta uste dut hor bizitzeko asko dagoela, baina baita lan egiteko ere». Gales hizkuntzak aurrera egiteko arte eta kultur adierazpideek duten eragina nabarmendu eta welsh poetryz gainera gazteek zineman filmak galesez ikusteak izan dezakeen garrantziaz ere jardun zen: «Galesez dakiten gazteak zinemara joan eta gozatu egiten dute, baina ez galesez. Gure historiak galesez kontatu behar ditugu».
Hezkuntza arautua
Galesen ez bezala, Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan era batera edo bestera hezkuntza arautuan txertatuta daude hizkuntzarekin lotutako kantu adierazpideak, eta eskolan landutakoak eskolaz kanpo lekurik bereganatzen ote duen galdetuta, Souto eta Casalsek baietz erantzun zuten. «Batzuk jolas garaian bertan aritzen direla ikusi izan dut Vigon, eta talde eta ekimen ezberdinak sortzen hasiak dira. Egun hedapen fase batean gaude, baina talde-identitate hori sortzen hasia da», azaldu zuen Soutok.
Zentzu horretan, hizlariek garrantzizkotzat jo zuten hizkuntza gutxituak sentipen positiboekin eta aisialdiarekin lotzea, horrek erabilera lekarkeelako, eta bide horretan kantu inprobisatua lanabesa izan daitekeela agertu zuten.
Casalsek eskoletan kantu inprobisatua lantzen denean ikaslea protagonista eta irakaslea laguntzaile bilakatu ohi dela nabarmendu zuen, «eta horrek dakar, adibidez, orain gutxi eskola batean ikusi nuena: haur bat ikastetxez aldatzen zela-eta, haren kideek kantuz agurtu zuten. Ez zen sortu irakasleak sustatuta, baizik eta haurrek proposatuta etorri zen. Glosa ez da ikastetxe barruetan geratzen, kalera ere irteten da». Ildo beretik, Artetxek adierazi zuen metodologian gertatzen den aldaketa horrek garrantzia duela, eta protagonista ikaslea izateak ematen diola erakargarria den ezohikotasun hori.