INFO

Iruñeko bi gazte atxilotu dituzte Grezian, migratzaileen zentro autogestionatu baten hustean

Euskal Herritik Greziarako karabanan parte hartu duten Iruñeko bi gazte atxilotu dituzte Tesalonikan, Poliziak migratzaileei laguntza ematen dien zentro autogestionatu bat utzarazi ondoren. Komisariara eraman dituzte, beste hainbat lagunekin batera.

Utzarazi duten zentroetako bat. (@KarabanaGreziaEH)

Greziako Poliziak migratzaileei laguntza ematen dien hiru zentro autogestionatu utzarazi ditu gaur goizaldean Tesalonikan eta dozenaka lagun atxilotu ditu, horien artean Iruñeko bi gazte.

Ahotsa.info atariek berri eman duenez, Euskal Herritik Greziarako karabanan parte hartu zuten bi gazteek eta Iruñeko gaztetxeko eta Zabaldiko kideak dira. Karabana pasa den asteburuan itzuli bada ere, bi gazte hauek Grezian geratu ziren, ekimenaren hurrengo bidaia prestatzearren.

Gazteek beraiek eman dute atxiloketaren berri telefonoz komisariara eraman aurrretik. Azaldu dutenez, gutxienez hiru gune autogestionatu hutsarazi ditu Poliziak, bortizkeriarik erabili gabe. Onik daude baina ez dakite noiz utziko dituzten aske. Migratzaileak, berriz, militarren kudeatzen duten eremu batera eraman behar zituzten.