INFO

Gael Garcia Bernalek Zinemaldian Latinoamerikako zinemari zuzendutako saria jasoko du

Donostia Zinemaldiak eta Jaeger-LeCoultrek sari berri bat bultzatuko dute, Latinoamerikako zinemako pertsona gailenen ibilbidea aitortzek. Gael Garcia Bernal aktore eta zuzendari mexikarra izango da sari hori jasotzen lehena. 

Gael Garcia Bernal aktore, zuzendari eta zinema ekoizlea.

Aurtengo Donostia Zinemaldiak izango duen berritasunen artean izango da Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria, Latinoamerikako zinemako pertsona gailen bati zuzenduta, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Lehenengo edizio honetan, Gael García Bernal aktore, zuzendari eta zinema-ekoizle mexikarrak jasoko du saria. Pablo Larrainen ‘Neruda’ filmaren aurkezpen-galan emango da saria, Garcia Bernal protagonistetako bat baita. Filmak Zinemaldiko Perlak sailean parte hartuko du.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosen hitzetan, «sari honen sorrerak Zinemaldiaren eta mundu latinoaren arteko harremanean mugarri berri bat ezarriko du, hango zinematografiarekiko loturak are gehiago estutuko ditu eta gure zinemagileen lanari balioa emango dio».

Gael García Bernalek datorren irailaren 17an jasoko du Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den galan. Jaeger-LeCoultreren nazioarteko komunikazio-zuzendari Laurent Vinayren eskutik jasoko du saria. Gael García Bernal Zinemaldira etortzen den hirugarren aldia izango da.

Aurretik, ‘Amores perros’ bere estreinako filmarekin etorri zen –2000. urtean Zabaltegin aukeratua izan zen– eta hurrengo urtean berriro, bere bi film aurkeztera: Alfonso Cuaronen ‘Y tu mamá también’ –Veneziatik igaro ondoren Made in Spanish sailaren klausuran eskaini zen– eta Fito Paezen ‘Vidas privadas’ –Zabaltegin Zuzendari Berriak sarirako lehiatu zen–.