INFO

Surfa 2020ko Olinpiar Jokoetan:Lehen aldiz surfa kirola izango da

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2020. urtean Tokion izango diren Olinpiar Jokoetan surfa txertatzea erabaki du. Nazioarteko SurfElkarteak (ISA) surfa kirol olinpikoen zerrendan sartzea lortu du. Orain erabakia nola gauzatuko den ikustea falta da.


Surfa kirol olinpiko izendatu dute ofizialki. ISA Nazioarteko Surf Elkarteko lehendakari Fernando Agerrek 2016ko abuztuaren 3a surfaren historian izan den data esanguratsuena dela esan zuen; izan ere, egun horretan eman zuten aditzera hartutako erabaki garrantzitsua. «Hamarkadetako lan gogorra izan da, baina lortu dugu, 2020an Tokion izango gara», esan zuen Agerrek pozarren.

ISAko presidenteak, bere ametsa ez ezik surflari guztiena bete delakoan, hau esan zuen: «Gure amets olinpikoa gauzatu da eta munduko surf familia osoaren izenean, eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiet Nazioarteko Olinpiar Batzordeari, baita Tokio 2020ri ere, halako erabaki historikoa hartuz ikuspegi aitzindaria erakutsi dutelako».

Japonia olatu ederrak izan ditzakeen herrialdea da, baina ez da batere famatua olatu onak dituelako, alderantziz, hango hondartzek oso irregularrak diren fama dute. Hala ere, Agerrek Tokioko giro bikaina eta olatuak ere goraipatu zituen: «Hunkituta gaude, batez ere beren herrialdea ordezkatzen lehia dezaketen atleta horiengatik. Ezin dugu gehiago itxaron munduko onenak Tokioko olatuetan lehian ikusteko, eta noski, haiekin batera milioika ikusle eta hondartzako atmosfera festazalea».

Berrogei izango dira 2020. urtean Tokion lehiatu ahal izango diren surflariak eta Chiba izeneko kostaldea izan da surf lehiaketak egiteko aukeratu duten eremua. Surfarekin batera beisbol/softball, eskalada, skatea eta karatea ere txertatu dituzte kirol olinpikoen zerrendan.

WSL erakunde pribatuak ere zorionak eman nahi izan zizkien ISA erakundeari eta Agerre presidenteari. Kontuan hartu behar da WSLk antolatzen duen mundu zirkuituak ISArenak baino askoz ere arrakasta eta jarraitzaile gehiago izan arren, ez daukala inor “munduko txapeldun” izendatzeko eskumenik.

Kelly Slater 11 bider munduko txapeldun izan dela diogunean esaterako, egia da; izan ere, mundu mailako itzuli garrantzitsuena hamaika bider irabazi du. Baina WSL erakunde pribatua da, ez dauka erakunde olinpikoaren babesik; beraz, Kelly Slaterrek hamaika bider mundu mailakoa den WSL itzulia irabazi duen arren, ezin izenda dezake Slater munduko txapeldun, horretarako eskumena ISA erakundeak soilik baitauka.

Paul Speaker WSL erakundeko ordezkariak ISArekin egin beharreko elkarlana ere izan zuen hizpide: «Surfa munduaren aurrean ahalik eta modu egokienean ezagutzera eman ahal izateko elkarrekin lan egin beharra ikusten dugu».

Surfa Olinpiar Jokoetan egoteak, ordea, ez dio grazia handirik egin zenbaiti. Asko dira erabaki honekin gustura ez dauden surflariak. Surfaren izate eta berezko arimaren kontra doan zerbait dela diote askok, baina gaiaren inguruan hitz egin duten surflari ezagunek aldeko iritzia agertu dute.

John John Florence, esaterako, pozarren zen AEBetako taldearekin parte hartzeko aukera izan dezakeelako. Horrela mintzatu zen hawaiiarra: «Kirol ikuspegitik aurrerapauso handia da kirol olinpikoen artean onartua izatea. Surfak hazten jarraitzen du eta halako maila batera iristea zinez zirraragarria da. Estatu Batuetako taldearekin lehiatzeko aukeraren zain nago».

Beste batzuek erabakiarekin gustura bakarrik ez, halako zerbait aspalditik zetorrela iragarri eta beren ekintzaile sena erakutsi dute. Horixe da Kelly Slaterren kasua. Orain urte batzuk Slaterrek olatuak sortzeko igerileku enpresa bat sortu zuen.

«Zertarako sartu da halako saltsa batean Slater?», galdetzen zuten surf zaleek aldizkari eta eztabaida foroetan. Galdera horri emandako erantzunen artean bazen bat behin eta berriz errepikatzen zena, eta, hain zuzen, surfa kirol olinpiko bilakatzen zenerako prest egon beharrarekin lotua zegoen.

Surfak oinarrizko hiru osagai uztartzen ditu, alegia, pertsona, taula eta itsasoa. Gizakia eta osagai materialak kontrolatu daitezke; beraz, horiengatik bakarrik balitz, aspaldi onartua izango zen surfa kirol olinpikoen artean, baina hirugarren osagaia, ingurumenari lotutakoa, ezin da kontrolatu, ezin da programatu.

2015eko irailean Tokio 2020ko antolatzaileek olatu artifizialak sortzen dituen igerileku batean surf txapelketak egiteko aukera baztertu zuten, baina azkenaldian izan diren aurrerakuntzekin, eta txapelketa igerileku batean eginda ekidin daitezkeen arazoak kontuan hartuta, aukera hori berriro aztertuko dutela iragarri dute.

Azken erabakia oraindik hartzeko dago eta datorren lau urteetan oraindik baliteke gauzak aldatzea. Nork daki, posible da Kelly Slater bandera estatubatuarra ordezkatzen Japoniako olatuetan lehian ikustea, edo zergatik ez, baita berak eraikitako igerileku batean ere.