INFO

Gorka Maneiro: «UPyDren presioa ezinbestekoa izan da Otegiren inhabilitazioan»

Gorka Maneiro «oso albiste ontzat» jo du Arnaldo Otegiren inhabilitazioaren inguruan Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak Eh Bilduren hautagaia «aukeraezintzat» definitzea. Horretarako UPyDk egindako «presioa» «ezinbestekoa» izan dela adierazi du.

Gorka Maneiro, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

UPyD alderdiaren bozeramaile den Gorka Maneirok, Arnaldo Otegiren inhabilitazioa ospatu du eta bere alderdiak zentzu horretan egin duen «presioa» epai horretarako «ezinbestekoa» izan dela iritzi du.

Ohar baten bidez, «demokraziarentzat oso ona» dela adierazi du Maneirok, «Eskubide Estatua indartu» egiten duela gehituz. «Oso albiste ona da terrorismoaren biktimentzat eta gizarte justu eta dezente baten alde lan egiten dugunontzat».

Modu berean, UPyD Otegiren hautagaitzaren aurka mugitu zen lehen alderdia izan zela nabarmendu du, uztailaren 6an espainiar Estatuko Fiskaltzaren aurrean salatu eta gero. UPyD ez da hauteskundeetara aurkeztuko.