INFO

Hamazazpi film hartuko ditu barnean Zinemirak

Zinemaldiak euskal produkzioari eskaintzen dion sailak hamazazpi film, inoizko kopururik handiena, hartuko ditu aurten. Horietatik zortzi sartuko dira Irizar sariaren lehian. Zinemira saria, bere aldetik, Ramon Bareak jasoko du, Euskal Zinemaren galan.

Ramon Barea aktoreak jasoko du Zinemira saria. (Marisol RAMÍREZ / ARGAZKI PRESS)

Zinemirak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago hartuko ditu barnean. Guztira hamazazpi film emango dira Zinemaldiak euskal produkzioari eskainitako sail honen barnen eta horietatik zortzik hartuko dute parte Irizar sariaren lehian: Aitor Asperen "Baskavígin. Euskal balezaleen hilketa", Juan Barreroren "Chillida: Esku huts", Justin Websterren "ETAren amaiera", Maria Jose Barriolaren "GUtik ZUra", Patxo Telleriaren "Igelak", Maider Oleagaren "Iragan gunea Berlin", Juan Palaciosen "Pedaló" eta Juanma Bajo Ulloaren "Rocknrollers".

Lehiaketaz kanpo aurkeztuko dira Helena Tabernaren "Acantilado", Eriz Zapirainen "Gaur irekiko ditu ateak", GARAko kolaboratzaile Iratxe Fresnedaren "Irrintziaren oihartzunak", David Aguilarren "Mara mara", Fermin Muguruzaren "Nola?", Juanmi Gutierrezen "Oihalak adarretan", Olatz Gonzalezen "Pelota II", Mikel Ruedaren "Bosgarren solairua" eta Rusudan Glurjidzeren "Besteen etxea".

Filmen berri gaur goizean eman dute Donostiako Tabakaleran egin den ekitaldi jendetsu batean. Bertan iragarri dute baita ere Ramon Barea aktore eta errealizadorea izango dela aurten bere ibilbide emankorra omentzeko Zinemira saria jasoko duena. Saria Euskal Zinemaren eta ETBren galan emango diote. Gala berean estreinatuko dira Telleriaren "Igelak", eta baita Francesc Escribanoren "Agirre lehendakaria" ere.

Aurkezpenean Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek esan du «gaur hemen aurreratu ditugun irudi eta soinu iradokitzaileak sortzeko gai garen artean», euskal zinemak «aurrera» egingo duela.