INFO

Bellucci, Connelly, Gere, McGregor eta Grant, Zinemaldian izango diren izarren artean

Zinemaldiko epaimahaikideen izenak ere ezagutzera eman dituzte Donostiako Maria Cristina hotelean egindako aurkezpenean. Gutxi gelditzen da jada «zinemaren festa» hasteko eta xehetasunak plazaratzen hasi dira antolatzaileak.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Ruth Perez de Anucita, komunikazio arduraduna. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

«Zinemaren festa izan nahi du Zinemaldi honek», hasi du Jose Luis Rebordinos Donostiako jaialdiaren zuzendariak. Era berean, aipatu du jaialdia zinemagile eta hedabideen arteko elkargunea izatea nahi dutela, ideiak plazaratu eta eztabaidatu ahal ditzaten. Munduan gertatzen ari dena ere kontuan izan nahi dute, baita gazteen «errealitate konplexua» ere non «euren arazoei buruz hitz egiten den» baina festa izateari utzi gabe.

Aurtengo Zinemaldiaren 64. edizioari buruzko datu gehienak jada ezagutzen baziren ere, oraindik gelditzen ziren zenbait xehetasun esateko. Hala, Sigourney Weaver (‘A monster calls’) eta Ethan Hawke (‘The magnificent seven’) aktoreek jasoko dituzten Donostia Saria eta Gael Garcia Bernalentzat (‘Neruda’) izango den Zinema Latoniare Jaeger-LeCoultre sari berriaz aparte, euren filmak aurkeztera etorriko diren hainbat aktore eta zuzendarien izenen zerrenda irakurri du Rebordinosek.

Hala, Donostiara etorriko dira, beste askoren artean: Ewan McGregor eta Jennifer Connelly (‘American pastoral’), Ken Watanabe japoniarra (‘Ikari’), Lee Yoo-young (‘Yourself and yours’), Fan Bingbing (‘I am not Madame Bovary’), Oliver Stone zuzendaria eta Joseph Gordon-Levitt eta Shailene Woodley aktoreak (‘Snowden’), Isabelle Huppert (‘Elle’, ‘L'avenir’), Hugh Grant (‘Florence Foster Jenkins’), François Ozon (‘Franz’), Monica Bellucci (‘Sur la Vois Lactée’), Hirokazu Kore-eda zuzendaria (‘Umi yorimo nada fukaku’) eta Richard Gere (‘Time out of mind’).

Epaimahaikideak ere iragarri dituzte. Sail Ofizialean Bille August zinemagile daniarra izango da burua, eta alboan izango ditu Anahí Berneri zuzendari argentinarra, Esther Garcia ekoizle espainola, Jia Zhang-ke zuzendari txinatarra, Bina Daigeler alemaniar jantzi-diseinatzailea eta Matthew Libatique argazkilaritza-zuzendari estatubatuarra. Azken epaimahaikidea Juliet Gayet produktore eta aktore frantsesa izan beharko luke, baina azken unean arazo profesionalak izan ditu eta ezin izango da etorri. Hori dela eta, epaimahaia nork osatzen duen jakiteke gelditzen da. Gainontzeko sekzioek ere euren epaimahai propioa izango dute.

Sarrerak

Zinemaldirako sarrerak irailaren 9an jarriko dira salgai, 9.00etatik aurrera. Egun horretan Sail Ofizialeko galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Sariak eta Klausura) eskuratu ahal izango dira, Internet bidez; gainerako kanaletan, irailaren 11ko 9.00etatik aurrera.

Irailaren 11n, berriz, gainerako saioetarako sarrerak jarriko dituzte salgai Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal Elkarguneko beheko solairua) eta Kursaal Elkarguneko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), eta Interneten.