Presoen aferan erantzukizunez jokatzeko eskatu dio Bagoazek Estatu frantsesari
Estatu frantseseko espetxeetan dauden euskal presoek bizi duten egoeraren aurrean «kexu» agertu da Bagoaz kolektiboak. «Gure konstatazio bakarra da inongo aldaketarik gertatu ez dela», gaitzetsi dute, Parisko Gobernuari erantzukizunez jokatzeko deia eginez.
Bagoaz kolektiboak euskal presoen egoeraren inguruko irakurketa egiteko prentsaurrekoa eskaini du Baionan. Arreta berezia jarri dute, Kazetak berri eman duenez, Valenceko espetxean dauden eta Euskal Herrira hurbiltzeko eskatuz protestak egiten ari diren Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaranen kasuan.
Udan Valencera eraman zituzten preso hauek, Ibon Goieaskoetxearen anaia Zigorren esanetan segurtasun neurri «izugarri zorrotzak» dituen presondegira. Bertan «profil berezia» duten presoak daudela gaineratu du, «bortizkeria handikoak» eta, ondorioz, bi euskal presoak mitardean (zigor ziegan) daude, Euskal Herrira hurbildu ditzatela aldarrikatuz.
Bestalde, gogoratu dute egun 370 preso daudela eta horietariko 80 Estatu frantsesean presondegiratuak daudela. Horietako hiru bizi osorako zigorrera zigortuak daudela oroitarazi du Bagoazek: Jon Kepa Parot, Txistor Haranburu eta Jakes Esnal.
Hamar euskal presoek baldintzapeko askatasunaren eskaera egin dute eta soilik bati onartu diote: Lorentxa Guimoni, Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarrari. Euskal Herri osoan larriki gaixorik dauden hamar euskal preso daude; horietariko bat Estatu frantsesean kartzeleratua da: Ibon Fernandez Iradi. Esklerosi anizkoitza duen euskal presoak kondena eteteko eskakizuna egin ondoren, ukatu zioten. Kasazio Auzitegiak kasua berrirekitzea erabaki zuen eta auzi berri baten esperoan dago.
«Gure konstatazio bakarra da inongo aldaketarik gertatu ez dela. Kexa erakutsi nahi dugu», nabarmendu du Emilie Martin Bagoazeko eledunak, Estatu frantsesari euskal presoen afera «mespretxuz» tratatzea leporatuz.
Estatu frantseseko lehendakari berria hautatzeko zortzi hilabete falta direla gogoratu du Martinek, eta egungo agintariei dei egin die: «Gobernu sozialistari lanean hastea eskatzen diogu, presoak hurbilduz, eriak askatuz, baldintzapeko askatasunak onartuz eta baldintzak hobetuz».