INFO
Entrevue
KOLDO ALMANDOZ
ZINEMAGILEA

«Nire lanak esperimentalegiak dira zine konbentzionalarentzat, eta alderantziz»

Bere lehen film luzea badator ere, ibilbide luzeko zinemagilea da Almandoz. Film laburren zirkuituan ibilbide zabala egina du eta «Sipo Phantasma» ere bide beretik doala dirudi. Rotterdamen kritika onak jasota, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko duen euskal film luze bakarra da.


Puzzlea. Hitz hori erabiltzen du Koldo Almandozek “Sipo Phantasma”-ri buruz, bere lehen film luzeari buruz, galdetzen zaionean. Itsas bidaia bat, esperantoa, literatura, zinema, paperezko antzerkia... piezaz pieza, jabetza eskubidearen gaineko hausnarketa proposatzen digu egileak. Bram Stoker-en “Dracula” eleberriak ematen ditu filmaren nondik norakoaren pistak: F.W. Murnau eleberri hartan oinarritu zen “Nosferatu” (1922) filma egiteko, eta Stoker hil zenean haren emazte Florence Balcombek salaketa jarri eta zintaren kopia gehienak deuseztatzea eragin zuen. «Guk, orain, ‘Nosferatu’ eta ‘Dracula’, biak erabili ditugu, jabetzaren gaineko hausnarketa bat egiteko; norenak dira istorioak, irudiak? Jada onartutzat eman dugu jabego bat izan dezaketela, pribatizatu egiten ditugu, berez eremu publiko bat izanik», azaldu du egileak.

«Sipo Phantasma» zuretzat berezia den jaialdi batean, Rotterdamen, aurkeztu zenuen, eta Buenos Airesen ere eman da. Eta kritika onak izaten ari da.

Oso gustura nago bi jaialdi garrantzitsu horietan parte hartu izanarekin. Donostian egotea ere garrantzitsua da, baina nazioartean hastea erronka bat zen guretzat. Askotan etxezulo jokatzen dugu eta etxeko jaialdietan egotearekin konformatzen gara. Rotterdameko jaialdian estreinatzea edota Bafici-n egotea eta gainera filmak harrera ona jaso izana oso pozik egoteko modukoa da.

Esperimentaletik dezente duen filma da zurea. Nola uste duzu jasoko dela Donostian?

Ba, ez dakit. Badut sentsazioa nire lanak zine konbentzionalarentzat esperimentalegiak direla eta zine esperimentalarentzat konbentzionalegiak. Baina tira, niri horrela ateratzen zaizkit pelikulak. «Sipo Phantasma»-rekin, nik, ikusle gisa, ikusi nahiko nukeen filma egin dut. Kontatu eta aldi berean iradokitzen duena. Ikusleari puzzlea osatzen uzten diona. Istorioa istorio ezberdinez dago osatua. Matrioxka panpina baten moduan, istorio guztiek dute zerikusia elkarrekin, baina guztiek dute izaera propioa.

«Pressbook»-ean, zinegileak eta banpiroak alderatzen dituzu. Kontatzeko istorioen ehizan ibili ohi zara edo istorioek hautatzen zaituzte zu?

Bietatik egon da. Batzuetan, filmatzen nenbilela, menturak bat-batean istorio berri batera eraman nau. Beste batzuetan, dokumentatu eta gauzak irakurri eta ikusi ahala, hausnartu eta filma osatzen lagunduko zuen istorioa sortu dut preseski. Oso prozesu entretenigarria eta askea izan da.

Zabaltegi-Tabakalera atalean emango da «Sipo Phantasma». Lehen aldiz lehiazkoa izango da sail hau. Onuragarria izan daiteke euskal zinemarentzat?

Zinemarentzat orokorrean. Azken finean, jatorri ezberdineko pelikulak lehiatuko direlako. Niretzat interesgarriena, Zinemaldiak film garaikideei eta arriskuak hartzen dituzten proiektuei leihoa ireki izana da Zabaltegi sail berriarekin. Zinegile gisa eta batez ere ikusle gisa gozatuko dugu.

Aurten, euskal filmik gabeko Sail Ofiziala dugu. Madrileko aurkezpenaren ostean, zenbaitzuek «dezepzio» hitza ere erabili zuten. Ze irudipen edo sentipen duzu zuk?

Ba, oso «gurea» dela sentipen hori. Zine munduan ezer ez izatetik ‘Basquewood’ garela sinestera pasatu gara bat-batean. Ezinezkoa da urtero “Amama” edo “Loreak” bat lehian izatea. Nire ustez, ez da komenigarria urtero pelikula kopurua igotzen joatea inertzia soilagatik. Kantitatea behar da, baina ez kalitatearen gainetik. Eta, jakina, zinea egiteko apustua eta kemena. Dezepzionaturik daudenentzat, galdera: Donostiakoa –etxekoa– kenduta… zenbat euskal filmek hartu dute parte azken urteetan nazioarteko zine jaialdi handietan?

Zinemaldiaren ostean jaialdien zirkuituan jarraituko du filmak?

Bueno, nazioarteko hainbat zinemaldi eta arte zentro garaikidek interesa azaldu dute, Leipzig, Washington eta Buenos Airesekoek adibidez, eta Donostiakoa amaituta hasiko gara Euskal Herrian eta nazioartean mugitzen.