INFO

«Kalebegiak», Donostiaren irudia osatzen duen puzzlea

Larrotxene kultur etxeko ikasleei bultzada bat emateko ideia izan zuten bertan eskolak ematen dituzten Michel Gaztanbidek eta Jorge Gilek. Donostia 2016koei euren ideia gustatu eta gero, gaur estreinatuko da Donostiari buruzko ikuspegiak biltzen dituen «Kalebegiak» lana.


Belodromoa goraino egongo da gaur 20.00etan eskainiko duten emanaldian. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren aitzakiarekin “Kalebegiak” film kolektiboa egin dute eta gaurkoa izango da publikoarentzako pase bakarra. Jakin-mina egotea logikoa da, eta, horregatik, sarrerak salgai jarri eta hiru egunetara agortu ziren.

Donostiari buruzko filma da, baina ez digu postaletako hiria erakusten, ezta tabernetako miniaturazko gastronomia ere. Donostia gordina ikusten dugu. Istorio atsegin eta itsusiak, jende askok ikusi nahi ez dituen horietakoak. Itsasoak garrantzi handia du, hiriaren kultura eta ekonomiarekin harreman zuzena duelako. Itsasoaren alderik onena eta txarrena erakusten digu. Iraganera eta etorkizunera botatzen du begirada, haur zein zaharren ikuspuntua ematen digu, bertakoen eta atzerrikoen iritziak biltzen ditu, Donostia alaia eta Donostia tristea, istorio gogorrak eta umorezkoak.

Zuzendarien iritzia

“Kalebegiak” hamabost zuzendarik egindako hamabi film laburrez osatutako lana da, “Relatos salvajes” edo “Paris, je t’aime” aurretik egindako puzzleen eredua jarraituz. Pelikulak bata bestearen atzetik doaz, bi orduko emanaldian. Azkar pasatzen da denbora hamar minutuko kontakizunen eskutik. Izenburua jartzen digute begi aurrean eta hor doa istorioa, aurreiritzirik gabe. Amaieran jakingo dugu film bakoitza nork egin duen. Tartean zuzendari ezagunak zein hasiberriak daude, elkarlanean proiektu bakarra sortuz.

Hamabost zuzendariak honakoak dira: Telmo Esnal, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Las chicas de Pasaik (Maria Elorza eta Maider Fernandez), Gracia Querejeta, Iñaki Camacho, Ekain Irigoien, Luiso Berdejo, Imanol Uribe, Daniel Calparsoro, Borja Cobeaga, Julio Medem, Izibene Oñederra eta Isabel Herguera.

Puzzlea osatzeaz Michel Gaztanbide gidoilaria eta Moriartiko Jorge Gil zuzendari eta ekoizlea arduratu dira. Beraiek dira proiektuaren zuzendariak. «Michel Gaztanbidek eta biok eskolak ematen ditugu Larrotxene kultur etxean. Ikasleekin film laburrak egiten ditugu eta iruditu zitzaigun 2016aren testuingurua aukera ona izan zitekeela. Hiri honetan badago zinemaren inguruko tradizio bat, teknikari eta zuzendari ospetsu asko», kontatu zigun Gilek.

Hala, ikasleak eskarmentu handiko zuzendari eta teknikariekin lanean jarri zituzten jakintzaren transmisio bat egon zedin. Guztira 300 profesional aritu dira “Kalebegiak” filmean lanean, horietatik erdia hasiberriak. «Pelikularen barruan pisu berdina dauka Julio Medemen laburrak edo hasiberri batenak. Nik uste dut ikusleek ez dutela jakingo zeintzuk diren hasiberrien hiru filmak. Oso pozik gaude egin duten lanarekin», aitortu zuen aniztasuna indartzen saiatu direla esanez.

Eskarmentudun zuzendarien artean daude Telmo Esnal eta Asier Altuna. Elkarrekin lan egin dute maiz eta oraingoan ere hala aritu dira. «Ez gaude ohituta enkarguak jasotzera. Normalean guk asmatutako istorioak egiten ditugu, eta, gainera, Kultur Hiriburutza zegoen tartean; egia esan, ez geunden oso konbentzituta. Baina Moriartikoak eta Gaztanbide atzean egotean ezin genuen ezetz esan. Istorioa aurkitzea dezente kostatu zitzaigun, baina gero prozesu osoa oso erraza izan da», esan zuen Altunak. Hain zuzen ere, bi koordinatzaileen lana goraipatu nahi izan du zuzendariak bai gidoien jarraipenean bai arazoei irtenbideak bilatzen egin duten lanarengatik.

Egileek oraindik ez dute pelikula osorik ikusi, bakoitzaren partea soilik baizik. Horrenbestez, publikoarekin batera gozatuko dute lehen ikustaldiaz. «Niri asko lasaitzen nau Gaztanbide eta Gil pozik ikusteak. Ondo sentiarazten nau horrek, gustura daudelako egin dugun lanarekin», azpimarratu du Esnalek. Proiektuaren alderik onena «jende berriarekin lana egiteko aukera» izan da bere ustez, «oso aberasgarria izan da». Hori dela eta, prest egongo litzateke beste proiektu kolektibo batean parte hartzeko. «Niri pixka bat beldurra ematen dit enkarguak egiteak, baina, aldi berean, oso ederra da», bota zuen Altunak. Esnalek azkar erantzun zion albotik: «enkargu bat jaso arren, nahi duguna egiten dugu guk!».