INFO

Akordio zabalak lortzeko EH Bilduk «eskuak zabalik» dituela berretsi du Iriartek

EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Maddalen Iriarte pozik agertu da koalizio abertzaleak lortutako emaitzekin, bere esanetan argi erakutsi baita «herri honen alternatiba garela». Kanpainan egin bezala, akordio zabaletarako «eskuak zabalik» dituztela esan du Iriartek. 

Maddalen Iriarte, Durangon botoa eman zuen unean. (ARGAZKI PRESS)

Infozazpi Irratian eginiko adierazpenetan, Gasteizko Legebiltzarrerako bozetarako emaitzen balorazio «oso positiboa» egin du Maddalen Iriarte koalizio abertzalearen Gipuzkoako zerrendaburuak. «Argi erakutsi dugu herri honen alternatiba garela», azpimarratu du.

Kanpainan zehar EAJ eta Elkarrekin Podemos alderdiei eginiko «akordio zabal» horretarako proposamenak mahai gainean jarraitzen duela baieztatu du Iriartek, «eskuak zabalik» dituztela zehaztuz. 

«Guk erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egin dugu, urratsez urrats herri hau dagokion tokira eramateko. Gure ustez herri honek estatu bat izan behar du, erramintak falta zaizkiolako dagokion tokian egoteko. Badakigu ez dela bi egunetan egiten bide hori, prozesu luzea dela, baina urratsak ematen hasteko ordua da», gaineratu du Iriartek.