INFO

Puntu bat urratu du Realak, eta esku hutsik geratu dira Athletic eta Oiartzun

Jardunaldi eskasa izan da asteburu honetakoa emakumeen futbolari dagokionez. Puntu bat baino ez dute eskuratu hiru taldeen artean; Realak berdindu egin du Albeceteren aurka eta Athletic eta Oiartzunek galdu egin dute Atletico eta Valentziaren aurka, hurrenez-hurren.

Zail jarri dizkio gauzak Atletico Madrilek Athletici. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Reala izan da asteburu honetan emakumeen futbolari dagokionez albiste onak ekarri dituen talde bakarra. Etxetik kanpo jokatu dute txuri-urdinek, Albaceteren zelaian, eta gertu izan dira esku hutsik itzultzetik.

Neurketako 75. minutuan aurreratu dira etxekoak, baina Beristainen golari esker (hiru minutu beranduago) puntu bat behintzat urratzeko beta izan du Realak.

Athletic eta Atletico Madrilen arteko neurketa izan zitekeen, paper gainean, asteburu honetako neurketa izarra. Bada, esan liteke madrildarrak askoz ere gehiago izan direla gaurkoan eta merezitako garaipena lortu dutela.

Sailkapen nagusiko lehenengo postuan, 3. minutuan aurreratu dira markagailuan eta errenkadan sortu dituzte gol aukerak. Ezin Athleticek atea zulatu baina, eta ondo baino hobeto aprobetxatu dute hori zuri-gorriek 70. minutuan, Yulema Corresek banakoa egin duenean. Esan liteke, baina, justizia egin duela Amandaren golak 78. minutuan eta ondo merezitako garaipena lortu dutela madrildarrek.

Eta Athleticen antzeko zerbait pasa zaio Oiartzuni ere. Valentziaren esanetara jokoan, atea hutsean mantentzea izan da gaurko oiartzuarren erronka. Eta lortu dute ia. 70. minutu arte ez du Valentziak bere gola egin, baina bat eginda hiru puntuak poltsikoratu dituzte kanpotarrek.