INFO

Wow! lelopean ospatuko da 2017ko Araba Euskaraz Bastidan

Bastidako ikastolak hartuko du hurrengo Araba Euskaraz, 2017ko ekainaren 18an. Wow! leloaren bitartez, harridura adieraziz, urtez-urte, zailtasun guztien aurrean, ikastolak lortu duen indarberritzea adierazi nahi dute.

Wow! lelopean ospatuko da Bastidan 2017ko Araba Euskaraz. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Wow! da Bastidako ikastolak 2017an antolatuko duen Araba Euskaraz jairako aukeratu duen leloa. Ekainaren 18an hartuko du herriak jaia. Azken urteetan hiru aldiz (2004,2008 eta 2012) antolatu du Arabako ikastolen aldeko jaia eta honekin lotuta dator leloa.

«Harridura gogoz gabiltzalako edizio berri hau antolatzeko. Buru belarri jarraitzen dugu gure eskualdean barneratzen eta barreiatzen, hezkuntza proiektu berriak garatzen, ikastola aurrera ateratzen bai zailtasun ekonomiko zein estrukturalak gaindituz», adierazi dute gaur egin duten aurkezpenean. 

Irudia, era berean, suziri bat izanen da. «Bide hau hasi zen eta ez dakigun non eta nola bukatuko den», argitu dute. Honela, ingurunera eta baliabideetara egokitutako jaia prestatu nahi dute eta «kanpoko euskaltzale guztiei bideratuta».

Bastidako ikastola 1979an jaio zen, irakasle bakarra eta zazpi ikaslerekin. Gaur egun 13 irakasle eta 164 ikasle biltzen ditu, bai Bastida bertakoak bai inguruko herrietakoak ere.