INFO

Euskal Herriko Gazte mugimenduen topaketa egingo dute abenduan Barañainen

Abenduaren 9, 10 eta 11n Euskal Herriko gazte mugimenduen topaketa egingo dute Barañainen, “Geure gainetik izarrak bakarrik” lelopean. Ehunka gazte elkartu eta euren bizitzaren arlo bakoitzean bizi duten sistema zapaltzaileari alternatibak aztertuko dituzte, autogestioa eta auzolana nabarmenduz.

Barañaingo topaketaren aurkezpena. (Idoia ZABALETA-ARGAZKI PRESS)

Gaur Barañainen egin duten agerraldian azaldu dutenez topaketa hauek ez dira hutsetik abiatzen. Duela ia urtebete «Añorgako Firestone lantegi berreskuratuko teilatuan izarrei begira jarri eta gure bizitzak beste modu batera amesten hasi ginen. Odutik, beste topaleku ugaritan gurutzatu dugu elkar, lur hartu ametsei forma eman, eta egi bihurtzeko bidean jartzeko».

Ibilbide honen isla zuzena garatu dituzten 18 proiektu dira. Euskararen aldeko borroka indartzeko euskalduntze gida, gazteen lan baldintzak salatzeko bulego prekarioak edota komunikabide nagusiei aurre egiteko gazte telebista saioa dira horietako batzuk. Proiektu horietako asko Barañaingo topaketetan aurkeztu eta martxan jarriko dituzte.

"Egiten duguna eta kontsumitzen duguna omen gara. Horregatik, topaketetan izango ditugun elikagai eta edari gehienak eredu iraunkorrean eta ekologikoki nafar nekazariek ekoiztutakoak izango dira, Errigorarekin elkarlanean. Pertsonak erdigunean jarriko dituen bizi eredu berriak bultzatzen ari garen heinean, elikadura eta kontsumoa kontuan hartu beharreko esparruak dira; goitik behera zeharkatzen baititu gure bizitzak", gaineratu dute.

Barañango topaketa ez da prozesu baten amaiera izango, «bide luze baten bihurgune baizik. Behin eraikuntza lanetan hasita, ez baita inor eta ezer gu geldituko gaituenik. Gazteok, alternatibak amestu eta elkarrekin antolatuz gero, edozer dugulako posible».

Topaketarara joateko, sarrera eskuratu eta webgunean azaroaren 30a baino lehen izena ematea beharrezkoa izango da. Euskal Herriko hainbat tabernetan egongo dira salgai sarrerak eta gazteokeraikitzen.topatu.eus webgunean eskegi dute zerrenda.