INFO

Ehunka pertsona atera dira berriz ere Altsasuko kaleetara espetxeratzeak salatzeko

Ehunka pertsona elkartu dira Altsasuko plazan atzoko atxiloketa eta sei gazteren espetxeratzea salatzeko. Bihar sei gazte hauek espainiar Entzutegi Nazionalera itzuliko dira, bere burua aurkeztu zuten beste birekin batera, ikuskapen bati aurre egiteko.

Ehunka pertsona Altsasun espetxeratzeen aurka. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Altsasuko bizilagunak bigarren egunez jarraian kalera atera dira, atzoko atxiloketa eta espetxeratzeak salatu asmoz. Ehunka pertsona bildu dira Altsasuko plazan.

Sakanako herrian ez dituzte oraindik espetxeratzeak barneratu, eta hori argi ikusten da mobilizazioetan. «Halakoetan sekula ikusi ez dugun jendea ere gerturatzen zaigu», baieztatu dio NAIZi atxilotuetako baten senideak.

Bihar, herriko bizilagun ugari Madrilera itzuli beharrean izango dira. Sei espetxeratuak eta bere burua Entzutegi Nazionalean aurkeztu zuten beste bi altsasuarrek ikuskapen bati egin beharko diote aurre.

Bestetik, ostiralean, mobilizazioa deitu dute Bilbon, 19:30etatik aurrera Arriaga plazatik La Salvera, polizia operazio berri hau salatzeko.