INFO

5.453 etxebizitza huts zerrendatu ditu Bilboko Udalak

Bilboko Udalak 5.453 etxebizitza zenbatu ditu inor erroldatu barik eta ur-kontsumo barik. Hala ere, beste 3.269 gehitu daitezke, gutxi erabiltzen diren etxeak baitira, inor erroldatu barik eta urtean 19 m3tik beherako ur-kontsumoarekin.

Goyo Zurro, Etxebizitza saileko zinegotzia.

Etxebizitza Saileko zinegotzi den Goio Zurrok Etxebizitza hutsei buruzko txostena aurkeztu. Azaldu duenez, «etxebizitzaren inguruko politika publikoaren jarduera-ildo nagusi bat hutsik dauden etxebizitzak detektatzea eta alokairuaren merkatura ateratzea da. Hala ere, hutsik dagoen etxebizitza zer den definitzea eta auzo bakoitzean daudenak identifikatzea da zailtasun handienetako bat politika horiek ezarri ahal izateko».

Ildo horretatik, aurkeztu den azterlanak iturri desberdinetatik hartutako datuak uztartu ditu. Esaterako, Bilboko biztanleen errolda kontsultatu da (erroldatutako pertsonarik ez daukaten etxebizitzak), Ur Partzuergoa (ur-kontsumoa etxeetan), Jarduera Ekonomikoen Zergari buruzko datuak (negozioak etxeetan) eta Eusko Jaurlaritzako alokairuen bermeen gordailuaren datu-basea.

Datu horiek gurutzatuta, 5.453 etxebizitza zenbatu dira inor erroldatu barik eta ur-kontsumo barik; beste 3.269 gehitu daitezke, gutxi erabiltzen diren etxeak baitira (inor erroldatu barik eta urtean 19 m3tik beherako ur-kontsumoarekin). Guztira, 8.722 etxebizitza izango lirateke hutsik egotearen zantzuekin. Hortaz, eraikinen parkeko % 5,37ra iritsiko litzateke.

Barrutika eta auzoka

Etxebizitza hutsei buruzko Txostena osatzeko, katastroaren arabera hutsik dauden pisuei buruzko datuak erabili dira: kokapena, azalera eta noiz eraikin ziren. Horrela, bada, barrutika, Ibaiondon dauden etxebizitza huts gehien (1.118). Gero datoz Abando (1.094), Errekalde (941), Uribarri (616), Basurtu-Zorrotza (555), Deustu (501), Begoña (412) eta, azkenik, Otxarkoaga-Txurdinaga (216).

Aurkeztu den txostena oinarritzat hartuko da esperientzia pilotu bat abian jartzeko, alokairura atera daitezkeen etxebizitzak identifikatzeko eta etorkizunean alokairu soziala sustatuko duten neurriak ezartzeko. Esperientzia pilotu horren bitartez, zehatzago jakingo da zergatik dauden hutsik etxe horiek.

Hain zuzen ere, jabeak elkarrizketatuko dira eta bertatik bertarako informazioa jasoko da auzoei eta eraikinei buruzko egoeraren inguruan. Esperientzia pilotua osatzeko, taldeko dinamikak egingo dira hutsik dauden etxeak merkatura ateratzeko aplika daitezkeen neurri posibleei buruz eztabaidatzeko