INFO

Ibon Fernandez Iradiren eta gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatu dute Baionan

Bi mila lagunetik gora batu dira Baionan Ibon Fernandez Iradi eta gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna aldarrikatzeko Bagoaz kolektiboak deituta egin den manifestazioan. Hautetsi ugari izan dira, ideologia anitzetakoak.

Manifestazioaren buruan gaixo dauden presoen senideak joan dira, haien argazkiekin. (Bob EDME)

Bost eta erdiak pasata abiatu da Baionan Ibon Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa, ‘Gu gira giltza’ lelopean. Lasarte-Oriatik joan den autobusa berandu iritsi da, Polizia espainolak hiru ordu laurdenez geldituta izan baitu. GARAren kontaketaren arabera, 2.200 lagun inguru bildu dira.

Manifestazioaren buruan gaixotasun larriak dituzten presoen senideak joan dira, haien argazkiekin. Ondoren, pankarta nagusia eta hautetsi ugari, alderdi anitzetakoak. Han ziren Baionako alkate zentrista Jean-Rene Etchegaray, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle PSko diputatuak, Philippe Poutou NPAko Estatuko bozeramailea, Jean Lissar Akitaniako Europe Ecologie-Berdeak taldeko burua, bere alderdikide Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria, Berdeen alderdikoa, Uztaritzeko auzapeza... eta haiekin batera herritar ugari.

Euskal presoen etxeratzearen eta larri gaixo daudenen askatasunaren aldeko oihuak izan dira nagusi mobilizazioan.

Bukaerako ekitaldian, Bagoazeko ordezkariek gaixotasun larriak dituzten hamaika euskal preso politikoak gogoratu ditu: Josetxo Arizkuren Ruiz, Garikoitz Arruarte, Jagoba Codo, Iñaki Etxeberria, Gorka Fraile, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Txuz Martin, Joseba Borde eta Ibon Fernandez Iradi. Azken honen kasua azaroaren 24an aztertuko du Pariseko Zigorren Aplikazio Ganberak.

Kolektiboak euskal presoen ezartzen dizkieten salbuespen neurriak salatu ditu eta gaixo daudenen kasuan kartzelan haien egoera okertzen dela.

Estatu frantsesari eta espainolari bake prozesuarekin engaiatzeko eskatu diete.