INFO

Adostasunaren eta osasunaren alde atera dira kalera milaka herritar GuraSOSek deituta

«Gipuzkoa +: eman bidea osasunari eta adostasunari. Por un acuerdo saludable». Lelo horixe izan du Donostian, Amarako parketik Alderdi Ederrerako bidea egin duen manifestazioak. Martxa berezia izan da erraustegiak izan ditzakeen ondorioek kezkatutako gurasoen elkarteak, GuraSOSek, deitutakoa, umeak eta familiak izan dituelako buru eta protagonista. Milaka lagunak udaletxe parera ailegatu direnean, txuriz jantzitako ehun haurrek bihotz bat marraztu dute, «Adostasuna SOS» esaldia argiztatzen zen bitartean.

Txuriz jantzitako ehun haurrek bihotz bat marraztu dute udaletxe aitzinean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ehunka familia eta milaka herritar elkartu dira gaur arratsaldean Donostian, hotz hezeari aurre eginez, «gaur Gipuzkoa gehiago dela» aldarrikatzeko. «Gehiago da, osasunaren eta adostasunaren alde batu garelako», adierazi dute Estitxu Fernandez eta Joxe Mari Izetak GuraSOSen izenean.

Hondakinen kudeaketaren gaian irtenbide gehiago eta hobeak nahi dituztela aldarrikatu dute. Segurtasun gehiago eta babesa nahi dituztela erran dute, batez ere beren seme-alabentzat.

Ehun haur joan dira 'Gipuzkoa +: eman bidea osasunari eta adostasunari. Por un acuerdo saludable' leloa izan duen martxaren buruan. Eurak izan dira erritmoa markatu dutenak. Hala, txuriz jantzita, bi lerrotan kokatu, eta poliki-poliki egin dute Araba Parketik Alderdi Ederrerako bidea, megafoniatik etengabe GuraSOSen manifestua aditzen zen bitartean. 15.000 lagunen babesa lortu du dagoeneko testu honek, eta atxikimenduak biltzen segitzen dute.

«Zer jaten, zer edaten eta zer arnasten ari garen jakin nahi dugu. Gehigo jakin nahi dugu, informazio eta eztabaida gehiago nahi dugu», eskatu dute. Instituzioetako ordezkariei boto paper bat baino gehiago direla eta dagokien gauzetan parte hartu nahi dutela eta hartuko dutela ere azaldu diete.

Lehenik eta behin, erraustegia eta Mutiloako lizitazioak gelditu behar direla erran dute, hondakinen plan orokorra legeztatzearekin batera. GuraSOSek mahai gainean jarri du irtenbiderako bide-orria. Bertan aditu, jendarte eragile, arduradun politiko eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Gaur guztiei dei egin diete konponbidea lortzeko osasunaren eta adostasunaren bideari hel diezaioten.

Eta ordubete pasatxoko bidea pazientziaz burutu eta agertokiaren aitzinean bihotz bat osatu duten txikiei zuzendu zatzaizkie bukatzeko. «Entzun haurrak: ikusten dituzue milaka eta milaka pertsona hauek? Zuek zaintzeko batu gara. Gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogu denen artean, posible delako, gizartea eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jartzen bagara, denok batera lortuko dugu, oraindik garaiz gaudelako».