INFO

%63,4ko parte hartzea izan da Diman eta %65,3koa Bakaikun

Pasa den ekaineko 34 galdeketen lekukoa hartuz urratsa gaur eman dute Dima eta Bakaikuk. Lehenaren kasuan 765 herritarrek eman dute botoa, %63,42, eta Sakanan 194k, %65,33. Jai giroan joan da eguna bietan. Gure Esku Dagok sustatuta, hurrengo urterako 100dik gora herritan espero dira galdeketak, horietan guztietan galdera adosten eta sinadurak biltzen ari dira erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. 

Lehen ordutik jende asko inguratu da botoa ematera, irudian Bakaiku (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Etxarri Aranatzek eta Arrankudiaga-Zollok jarri zuten lehen zedarria eta Gure Esku Dagok sustatuta beste 34 herritan izan ziren galdeketak pasa den ekainean. Erabakitzeko eskubidea lurralde osoan egikaritzeko asmoz herriz herri ari da dinamika herritarra galdeketak sustatzen eta gaur Dimak eta Bakaikuk eman dute urratsa. 

Dimaren kasuan parte hartzea %63,42koa izan da (765 boto). Galdera honakoa zen: ‘Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?’. 729ek baietz erantzun dute, 10ek ezetz, 21 boto zuri izan dira eta 5 baliogabe. Bakaikuren kasuan galdera ‘Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?’. Kasu honetan parte hartzea %65,33koa izan da (194) eta horietako 156ek erantzun dute baietz, 26k ezetz, 10 boto zuri izan dira eta 2 baliogabe.

Ekitaldietan adierazpen bateratuak egin dute bi herrietan, «gure alea jarri dugu herri honen erabakitzeko eskubidearen ibilbidean. Tantaz tanta, botoz boto, erabakiko baitugu herri honen etorkizuna», nabarmendu dute. «Gaur txikitik hitz egitea tokatzen zaigu. Baina konplexurik gabe diogu gaur ere handia egiten ari garela», esan dute euren adierazpenean. «Borondatea eta elkarrekin jarduteko gogoa soilik behar ditugu gaur arte 38 herritan posible izan dena, bihar 3.000.000 biztanleko herri honetan izan dadin», azpimarratu dute. 

Jai eguna da bi herrietan. Diman, adibidez, azoka antolatu dute eta taberna ibiltaria ere izan da, pailazoen ikuskizuna izan da, dantza ikuskizuna eta haurrentzako jolasak ere bai, txokolatada eta musika emanaldiak. Bakaikun ostiraletik hasita antolatu dituzte jai giroko ekimenak. 

100dik gora 2017an

Urrats honen ostetik beste 100dik gora herritan galdeketak izango dira 2017an zehar. Herri horietan guztietan prestaketa lanetan ari dira. Asteon iragarri du, adibidez, Lasarte-Oriak maiatzaren 7an egingo duela galdeketa.


Zarauzko dinamika abian, atzoko topaketa

Zarautzen kasuan topaketa jendetsua egin zuten atzo eta galdera adostu zuten, ‘Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?’. ‘Zarahitz’ izeneko dinamika abiatu dute galdeketa prestatzeko eta hiru fasetan zehaztu dute egin beharreko bidea. Sinadura bilketa egingo dute lehenean, jarritako hellburuak betez gero galdeketa deituko dute ondoren eta azkenen fasean galdeketa bera. 

Orio da (goiko bideoan) bide beretik doan beste bat, bertan ‘Baliza’ izena hartu du dinamikak, sinadurak biltzen ari dira Leioan edo Tolosaldean eta galdera erabakitzen Oarsoaldeko herrietan, adibidez.